Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

EAEn 'fracking'a debekatzea onartu du Legebiltzarrak

100.000 herritarrek baino gehiagok babestutako herri-ekimen legegileak EH Bilduren, PSE-EEren eta PPren babesa jaso du.

Fracking Europa
Fracking Europa
Gobernuak babestu ez arren, ezingo da Legez frackinga egin Euskadin

1:24

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan fracking edo haustura hidraulikoaren teknika erabiltzea debekatzen duen legea onartu du Eusko Legebiltzarrak, EH Bilduren, PSE-EEren eta PPren babesarekin. UPyD eta EAJ abstenitu egin dira. Jeltzaleek teknikari moratoria bat ezartzearen beharra nabarmendu dute, gaurko saioan ere.

100.000 herritarrek baino gehiagok babestuko herri-ekimen legegile bati esker onartu da gaurko legea. Ekimen legegileak gasa lurpetik ateratzeko teknikari debeku orokorra ezartzea jasotzen zuen. Auzitegi Konstituzionalak debeku orokorra atzera bota du hainbat erkidegotan. Hala, eta helegiterik egon ez dadin, debeku orokorra ez da jaso gaur onartu den legean, baina bertan zehaztutako xehetasun guztiek ia ezinezko egingo dute frackinga erabiltzea.

Akuiferoei kalte egiteko arriskua dagoen guneetan eta "lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dauden lur-eremuetan" teknika hau debekatuta dago, guztiz, gaurtik aurrera. Bestalde, ingurumena babesteko legearen baitan, "haustura hidraulikoa jasotzen duen edozein plan, programa edo estrategia sektorialek ingurumen arloko ebaluazio estrategikoa eduki beharko du".

Katalunian frackingaren legeak egindako bide bera egingo du, beraz, EAEkoak. Araua onartzeaz gain, erkidegoko beste hainbat lege moldatu beharko dira datozen hilabeteotan.

Taldeen azalpenakEAJk bederatzi zuzenketa aurkeztu zizkion maiatzean frackinga edo haustura hidraulikoa debekatu nahi duen herri-ekimen legegileari. Horietako batean, frackingaren bidez ustiatzeko tekniketan bost urteko moratoria aplikatzea proposatu zuen, eta gaur ere aukera horren alde egin du. Javier Carro jeltzalearen iritzian, moratoria batek babestuko luke ongien gizartea. Hori dela eta, gaurko bozketan abstenitu egin da.

Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak, berriz, herritarrak txalotu ditu frackinga geldiaraztea lortu dutelako. EAJk proposatu duen moratoria "aitzakia" bat dela esan du Maeztuk, hori onartzeko ez dagoelako lege baten beharrik.

Natalia  Rojo sozialistak ere txalotu egin du legea, herri-ekimen batetik jaio delako. Horren esanetan, ingurumena babesten duen legea da gaurkoa.

PPren izenean, Mari Carmen Lopez de Ocarizek hitz egin du. "Alderdi Popularrak baliabide energetikoak ustiatzearen alde egin du beti, baina ez edozein modutan. Gunerik ahulenak babestearen alde agertu izan gara beti", esan du.

Gorka Maneiro UPyDko kideak gaur onartutako legearekin ez datorrela bat azaldu du. Babestu gabe dauden guneetan eta arrisku maila handiko eremuetan teknika hau erabiltzearen kontra dagoela esan du, baina arrisku maila hori murriztearen alde agertu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Legebiltzarra bideoak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Frackinga bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Gas naturala