Politika -
Auzitegi Nazionala
Falangeko hiru kide epaitu dituzte lehen aldiz terrorismoa egotzita
Auzitegi Nazionalak 'Falange y Tradicion' taldeko hiru kide epaitu ditu astelehen honetan, 2009an Nafarroan egindako ekintza bandalikoengatik. Akusatuek taldearekin zerikusirik ez dutela esan dute.
Astelehen honetan, 'Falange y Tradicion' taldeko hiru kide epaitu dituzte lehen aldiz terrorismoagatik Auzitegi Nazionalean. 2009an Nafarroan egindako ekintza bandalikoengatik epaitu dituzte Jose Ignacio Irusta, Javier Lopez Monreal eta Borja Perez Illera. Akusatuek adierazi dutenez, ez dute 'Falange y Tradicion' taldearekin zerikusirik.
Jose Ignacio Irustaren, Javier Lopez Monrealen eta Borja Perez Illeraren aurkako epaiketa, astelehen honetan hasi da Auzitegi Nazionalean. Eskuin muturreko talde bateko kideak terrorismoagatik epaitzen dituzten lehen aldia da.
Lehen akusatua Javier Lopez Monreal izan da, eta "Falange y Tradicion taldea prentsan irakurritakoagatik" ezagutzen duela adierazi du. Gainera, leporatzen zaizkion ekintzetan parte hartu izana "erabat faltsua" dela esan du. Frente Nacionaleko kidea dela aitortu du Lopez Monrealek eta ekintzak gertatu ostean beragan eragina izango zutela espero zuela esan du "talde patriotiko bateko kidea izateagatik".
Perez Illerak ere, leporatutakoa "faltsua" dela esan du. “Falange y Tradicon taldea prentsan irakurritakoagatik eta interneteko web antifaxistetan ikusitakoagatik bakarrik ezagutzen dut. Inoiz ez naiz talde horretako kidea izan”, adierazi du Boja Perez Illerak. Fiskalak Irustarekin zuen harremanaz galdetu dionean, hauxe erantzun du: "Berarekin afariak egin ditut, eta beste behin latinez emandako meza batera gonbidatu ninduen". Irustak eskuin muturreko ideologia irakatsi nahi zion galdetu diotenean, "ez dakit eskuin muturrarekin zer esan nahi duzun" erantzun dio fiskalari.
Irustak ere 'Falange y Tradicion' taldeko kidea izatea ukatu du, baita leporatzen zaizkion ekintzetan parte hartzea ere. "Patriota, karlista eta tradizionalista" moduan deskribatu du bere burua eta bera bizi den tokian, Nafarroako iparraldean, Falangeko kidea izatea "oso arriskutsua" dela gaineratu du. Fiskalak leporatzen dizkion ekintzak egin ziren datetan eta tokietan ez dela inoiz egon esan du Irustak, "gau horiek putetxeetan" pasatzen zituela argudiatuta. "Garai hartan asko edaten nuen, eta putetxeetara sarri joaten nintzen", azpimarratu du.
2009ko uztailaren 11n, Artikako hilerrian zegoen frankismoaren biktimen omenezko plaka bat apurtu izana leporatzen dio fiskalak eta abuztuaren 19an, Bidankozen diktaduraren biktimei eskainitako beste plaka baten gainean "Viva Cristo Rey" pintatu izana. Hurrengo egunean eta beste bi akusatuekin batera Orkoieneko Udalaren kotxean "Julio kontuz, mira debajo" eta "zerri comunista" pintatu izana ere leporatzen zaio. Fiskalaren arabera, hiru akusatuek Espainiako bandera pintatu zuten Bidankozeko Dolores Ibarruri kalean, eta Ezkaba mendian (Antsoain) dagoen iheslari komunisten oroimenezko eskultura apurtu zuten. Fusilatuen oroimenezko plakak ere apurtu zituzten Berriobeitiko eta Antsoaingo hilerrietan. Azkenik, irailaren 6an ETBko errepetigailuan mehatxuzko pintadak egin zituzten.
Fiskalaren aburuz, Irustak ekintza hauek bere gain hartu zituen Efe Agentziari bidalitako komunikatu batean, akusatuak gaur ezeztatu egin duen arren. Hiru akusatuen etxebizitzen erregistroan, burdinezko palanka bat, zurezko taketak, pintura boteak eta ekintzak egiteko planifikazio orriak aurkitu zituzten.
Epaiketak aste honetan jarraituko du Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen (Madril) duen egoitzan.