Itxi

Politika

Aldaketa Nafarroan

Manu Ayerdi eta Miguel Laparra izango dira Nafarroako presidenteordeak

agentziak | erredakzioa

Hala, gobernu berriak bi presidenteorde izango ditu (bat ekonomikoa eta bestea soziala), bulego bat izango du Bruselan, eta sei kontseilari.

01:21

Nafarroako Gobernu berriak bi presidenteorde izango ditu (bat ekonomikoa eta bestea soziala), bulego bat izango du Bruselan (Presidentetzarekin lotuta), eta sei kontseilari, alderdiek gaur adostu dutenez. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak, ahal ere, biharko utzi dute izenei buruzko eztabaida.

Noticias de Navarra egunkariak gaur aurreratu duenez, Manu Ayerdi eta Manuel Laparra izango dira Gobernu berriko presidenteordeak. Egun, Ayerdi Nafarroako EAJko presidentea da. Laparra UPNAko irakaslea da.

Presidenteordetza Ekonomikoaren eskumenak hauek izango dira: Ekonomia eta Ogasuna; Industria, Berrikuntza eta Garapena; Lan Harremanak; Merkataritza; Turismoa eta Sustapena

Presidentetza Sozialak Politika Sozialetan, Enpleguan eta Etxebizitzan izango ditu eskumenak.

Gobernuak bulegoa izango du Bruselan, Presidentetzarekin lotuta, eta beste 6 kontseilaritza. Presidentetzak Funtzio Publikoan, Segurtasunean, Justizian, Larrialdi Agentzian eta Gobernu Ireki eta Gardenean izango ditu eskumenak.

Gobernuaren bozeramailetzak kontseilaritza maila izango du, eta Hizkuntza Politikan, Berdintasunean, Bake eta Elkarbizitzan eta Estrategia Bulegoan izango ditu eskumenak.

Nekazaritza Garapenaren kontseilaritzak Udal Administrazioaren, Ingurugiroaren eta Lurralde Antolaketaren kudeaketa hartuko du beregain; eta Kulturakoan Parte-hartzea, Kirola eta Gaztedia sartuko dituzte.

Horiekin batera, Osasun eta Hezkuntza kontseilaritzak ere egongo dira.

Gobernuko kideak, bihar

Nafarroako Gobernu berriaz negoziatzen ari diren alderdiek (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra) espero dute gaurko itxita eta adostuta izango dituztela izenak, adostasunerako "tarte handia" dagoelako.

Geroa Baik atzo goizean aurkeztu zuen Gobernuko kideen proposamena, eta arratsaldean eztabaidatu zuten alderdiek. Gainerako alderdiek, Ahal Duguk izan ezik, euren proposamenak egin dituzte.

Bileraren ostean, alderdien ordezkariak bat etorri dira: akordiorako aurrerapauso handiak eman dituztela eta gaurko ituna itxita egotea espero dutela.

Uxue Barkos Nafarroako hurrengo presidentea "gustura" agertu da lortutako akordio "zabalarekin" eta, "gauza batzuk adosteke" dituzten arren, esperantza agertu du biharko "guztia" konponduko dutela.

Gainerako ordezkarien antzera, Barkosek ez du izenik eman nahi izan akordioa behin betiko itxi arte, baina Adolfo Araiz EH Bilduren bozeramaileak aitortu du izen "gehienekin" ados daudela.

"Gustura gaude" adierazi du EH Bilduren bozeramaileak, eta Gobernurako izenak ezagutzeak "adostasuna erraztu" duela aitortu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena