Politika -

Ekarpen Legea

De Andres: 'Arabak 115 milioi galduko ditu Legea aldatzen ez bada'

PPk Arabako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak salatu duenez, ahaldun nagusiak Legea 2017ra arte luzatzea txalotu du, Legea Arabari kalte egiten dion arren.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier de Andres Alderdi Popularrak Arabako Batzar Nagusietan duen bozeramaile eta lurralde horretako ahaldun nagusi ohiak nabarmendu duenez, Arabak 115 milioi euro galduko ditu Ekarpen Legea 2017. urtera arte aldatzen ez badute. 2011tik berritu gabe dago Legea, eta 2017ra arte behintzat hala egotea adostu zuten atzo hiru lurraldeetako ahaldun nagusiek Iñigo Urkullu lehendakariarekin egindako bileran.

De Andresen hitzetan, 2011tik 268 milioi euro galdu ditu Arabak, eta beste 115 milioi jasotzeari utziko dio, Legea aldatu ezean.

Ekarpen Legearen arabera, hiru foru aldundiek zerga bidez bildutako dirua "kutxa" bakarrean biltzen dira, gero erakundeen artean koefiziente jakin batzuen arabera banatzeko. Eredu horrek gutxien bildu duen ogasunari egiten dio kalte, zenbaitetan bildutakoa baino gehiago jarri behar duelako.

PPko buruzagia ren esanetan, Arabak jasotakoaren eta koefiziente horizontalaren % 99 hartuko lukeen dirutzaren arteko aldea da aipatu duen galera.

Hala, De Andresek nabarmendu duenez, "erabat desegokia" izan zen Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak atzokoan agertutako jarrera. Izan ere, buruzagi jeltzalea "pozik" agertu zen Legea 2017ra arte luzatzearekin, erabakiak Arabari "aparteko kaltea" egiten dion arren.

De Andresen aburuz, Gonzalezek alderdiari zor dion "leialtasuna eta menpekotasuna nahasi ditu" (Jaurlaritza eta hiru foru aldundiak EAJren esku daude orain).

PPko buruzagiak iragarri du Ekarpen Legea lehenbailehen berritzeko ekimenak bultzatuko dituela Legebiltzarrean eta Arabako Batzar Nagusietan. Izan ere, horren iritzian, Legea ez aldatzeko arrazoiak "politikoak dira, teknikoak barik. Ereduak Bizkaiari egingo balio kalte, dagoeneko berrituta egongo litzateke", De Andresen hitzetan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika PP Araba Alderdi politikoak berriak Javier de Andres gaur