Politika -

EH Bildu

Ugarteburu: 'Espainiar Estatua mozal estatua da'

Terrorismoa goratzea egotzita maiatzean atxilotutako 19 txiolari aske uztea eskatu du koalizio abertzalearen bozeramaileak.

Ugarteburu, atxilotutako lagunen aldeko elkarretaratzean. Argazkia: @EHBildu
Ugarteburu, atxilotutako lagunen aldeko elkarretaratzean. Argazkia: @EHBildu

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maribi Ugarteburu EH Bilduko bozeramaileak maiatzean sare sozialetan terrorismoa goratzea egotzita atxilotutako lagunak babestu ditu Bilbon egindako ekitaldi batean, eta Espainiako Estatua kritikatu du "mozal estatua" delako.

Maiatzaren 19an Bizkaiko bost txiolari atxilotu zituen Guardia Zibilak, eta gaur deklaratzera joan direla eta, elkarretaratzea egin du EH Bilduk Bilboko epaitegien aurrean.

Ugarteburuk elkarretaratzean salatu duenez, "oraindik ez dakigu" zer leporatzen dieten, eta horien "oinarrizko eskubideak, iritzi eta defentsa eskubidea, esaterako", urratu egin dituzte. Buruzagi abertzalearen aburuz, "Espainiar Estatua mozal estatua da, adierazpen askatasuna eta disidentzia politikoa errotik mozten dituelako".

Ugartebururen hitzetan, "estatu zepo baten erremintak darabiltza estatu honek: lehendabizi, zepoa ipini eta atxiloketak egiten ditu; bigarrenik, lagun hauen defentsa eskubidea oztopatzen du, eta hirugarrenik, irakaspena ematen ariko balitz moduan jokatzen du, pertsona batzuek libreki iritzia emateko eskubiderik ez dutela adierazteko".

Ane Ituiño maiatzeko polizia operazioan Bizkaian atxilotutako bost lagunen abokatuak esan duenez, Guardia Zibilak ez zituen atxilotu behar, "zitazio judizial soil batekin nahikoa zen, egindakoak ez zuelako aparteko larritasunik".

Behin atxilotuta, gainera, Guardia Zibilaren jarrera salatu du Ituiñok. Horren arabera, atestatuak eta akusazioa jakinarazteari uko egin zion: "Behin eta berriz ukatu zidaten". Hala, salaketa jarri duela jakinarazi du "legez kanpo atxilotu" dituztela eta defentsa eskubidea urratu dietela argudiatuta. Bilboko 1. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak tramitera onartu du salaketa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EH Bildu Nafarroa