Politika -

Kalte-ordaina

GALen biktimek helegiteak jarriko dituzte arrazoia ematen dieten arte

Hala, Estrasburgoraino iritsiko omen dira. Muguruzaren arabera, Auzitegi Nazionalarentzat "ez da beharrezkoa ebazpen judizialik egotea hildako pertsona horiek ETAko kideak zirela frogatzeko".

Ane Muguruza, Josu Muguruza 1989an Madrilen tiroz hil zuten HBko diputatuaren alaba. Argazkia: EiTB
Ane Muguruza, Josu Muguruza 1989an Madrilen tiroz hil zuten HBko diputatuaren alaba.
Josu Muguruzaren senitartekoek epai poliziala dela diote

1:34

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egiari Zor kolektiboan bildutako GALen eta eskuin muturreko taldeen biktimek iragarri dute helegitea jarriko dutela Auzitegi Nazionalak kalte-ordaina ukatzeko hartu duen ebazpenaren kontra.

Ane Muguruzak (Josu Muguruza 1989an Madrilen tiroz hil zuten HBko diputatuaren alaba) prentsaurreko batean azaldu duenez, helegiteak jarriko dituzte Auzitegi Gorenean, Konstituzionalean eta Giza Eskubideen Europako Auzitegian, arrazoia ematen dieten arte.

Muguruzak dio Estatuak itun europarra "gaizki" erabili duela salatu du; izan ere, itunak dio kalte-ordainak kentzeko aukera dagoela biktima gaizkile taldeko kide bazen, baina "epai irmo batean oinarritu behar da parte-hartze hori", gaineratu du.

Muguruzaren arabera, Auzitegi Nazionalarentzat "ez da beharrezkoa ebazpen judizialik egotea hildako pertsona horiek ETAko kideak zirela frogatzeko", eta "hilketak gertatu eta hamarkada batzuetara egindako polizia-txostenetan" oinarritzen da.

Hala, epaia "berdintasun eta biktimak ez diskriminatzeko printzipioen kontra" doala eta "legezkotasun, segurtasun juridiko eta errugabetasun presuntzioa urratzen" dituela uste dute.

Egiari Zorren ustez, arazoa ez da ekonomikoa, baizik eta "errelatoaren borroka deiturikoa", Estatuak "beretzat nahi baitu sufrimenduaren monopolioa, horrek bermatzen baitu hemen egon den indarkeria bakarra ETArena izan dela dioen tesia".

Kolektiboak jakinarazi du orain arte hamar kalte-ordain eskari errefusatu dituela Auzitegi Nazionalak, eta lau onartu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Politika Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Espainia argazkiak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Terrorismoaren Biktimak Gaur GAL gaur