Politika -

Nafarroako Parlamentua

Uxue Barkos, Nafarroako presidente

Geroa Baiko hautagaiak bere koalizioko parlamentarien babesa jaso du, baita EH Bilduko, Ahal Duguko eta Ezkerrako ordezkariena ere. PSN abstenitu egin da. UPNk eta PPk kontrako botoa eman dute.

Uxue Barkos Nafarroako presidente berria Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Uxue Barkos Nafarroako presidente berria Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Uxue Barkos, Nafarroako presidente berria: bozketaren unea

01:52

Eriz Lotina | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uxue Barkos Geroa Baiko hautagaia Nafarroako presidente izendatu du Parlamentuak. Barkosek bere koalizioko parlamentarien babesa jaso du, baita EH Bilduko, Ahal Duguko eta Ezkerrako ordezkariena ere. PSN abstenitu egin da. UPNk eta PPk kontrako botoa eman dute.

Barkosek gehiengo absolutua lortu du bozketan. Aldeko 26 boto jaso ditu, kontrako 17 eta zazpi abstentzio.

Nafarroako presidente berria 17:45ean izendatu dute, parlamentariek boto sekretua eman ondoren. Geroa Baiko, EH Bilduko, Ahal Duguko eta Ezkerrako ordezkariek eta publikoaren gehiengoak Barkosi txalo-zaparrada eman diote.

UPNko eta PPko ordezkariek ez dute txalotu, baina Barkosen eserlekuraino hurbildu dira presidente berria zoriontzeko, gainerako parlamentariek egin bezala.

Era berean, Yolanda Barcinak Barkos zoriondu du, eta baita Ainhoa Aznarez Ganberako presidenteak ere.

Horrela, Uxue Barkosek Yolanda Barcinaren (UPN) lekua hartu du. Honenbestez, Nafarroako Exekutiboaren kolorea aldatu da; izan ere, 1996az geroztik Gobernua UPNren eskuetan egon da.

Barkosek kargua ofizialki asteazkenean zin egingo du, eta ondoren Gobernuko kontseilari berriak karguaz jabetuko dira.

?Garai berri baten atarian?

Euskaraz eta gaztelaniaz egin duen hitzaldian, presidente berriak esan du Nafarroa garai berri baten atarian dagoela, aldaketa politiko baten atarian.

Gaurtik abiatuko duten bide berrian, aldaketaren aldeko apustua egin duten alderdiek atzera ez egitea espero duela azpimarratu du. Helburu orokorrak azaldutakoan, ostiralean izenpetutako Akordio Programatikoan jasotako ildo nagusiak aletu ditu Barkosek.

Nafarroako Gobernu berriaren "premiazko lehendabiziko egitekoa" eskubide sozialen alorrean egongo da; krisi ekonomikoak "bereziki zigortutako" herritarren egoera hobetzea izango da Barkosen Exekutiboaren lehentasuna.

Enpleguari dagokionez, Barkosek adierazi du % 15-16ko langabezia-tasa duela Nafarroak, eta horri aurre egiteko ahaleginak egingo dituztela.

Presidente berriaren iritzian, Nafarroak erreforma fiskala behar du, baliabide berriak sortuko dituena, enplegua sustatzeko eta oinarrizko zerbitzuak bermatzeko. Inor baztertuko ez duen zerga erreforma progresiboa iragarri du. Inguruko ereduak kontuan hartuko dituztela ere azpimarratu du.

Uxue Barkos Yolanda Barcina Nafarroako Parlamentuan efe

Yolanda Barcinak Uxue Barkos zoriondu du Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE

Hezkuntza izango da gobernu berriaren "obsesioetako bat", Barkosen hitzetan. Besteak beste, LOMCE legea geldiarazteko neurriak ezartzen ahaleginduko direla esan du, araua bertan behera gera dadin.

Osasunak oinarrizko eskubide bat izatea babestuko du Barkosen Exekutiboak. Hori horrela, azken urteotan murrizketak pairatu dituztenen eskubideak berreskuratzea lehenetsiko dute.

Emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko plan estrategikoa abian jarriko dutela aurreratu du Barkosek, genero indarkeriaren kontrako neurri zorrotzak erdigunean jarrita. Etxebizitza izateko eskubidea eta enplegu duina izango dira Gazteriaren alorreko agendako bi zutabe nagusiak.

Nafarroaren autogobernua esparru guztietan defendatuko dutela hitz eman du presidenteak. Espainiako Gobernuarekin 2015-2019rako ekarpena berriro negoziatuko dutela aurreratu du, eta Ikerkuntza eta Garapena, Trafikoa edota espetxeen ardura Foru Erkidegoaren esku geratzeko lan egingo dutela iragarri du.

"Mendekurik eta gorrotorik gabe"

Biktima guztiak, salbuespenik gabe, aintzat hartuko dituen politika egingo dute, bakearen eta elkarbizitzaren alde.

Hitzaldia amaitzeko, Barkosek esan du gobernu berriak ez duela gorrotik eta mendekutik lan egingo, zentzuzko aldaketa bat gauzatu nahi dutelako, denboran iraungo duena. "Herritarrek eskatutako aldaketa da, denboran iraungo duena, mendekurik eta gorrotorik gabe", gaineratu du. UPNri elkarlanerako eskua luzatu dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Uxue Barkos albisteak Nafarroako Hauteskundeei buruzko albisteak