Politika -
Gipuzkoan
Espainiako bandera handia zabaltzea galarazi dute Donostian
Ezker abertzalearen 100 bat jarraitzailek elkarretaratzea egin dute Cervantes Plazan 'Espainia Eskuzabala' Elkartearen ekitaldia oztopatzeko asmoz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ezker abertzalearen 100 bat jarraitzaile elkartu dira Donostiako Cervantes Plazan, eta 'Espainia Eskuzabala' Elkartearen ekitaldia zapuztu dute larunbat honetan.
Aipatutako elkarteak EAEn banderen lege urratzen duten udalerrien izenak zituen bandera espainiar handi bat zabaltzeko asmoa zuen, baina bertan bildutakoek eragotzi dute.
Aipatutako elkartearen bost kide plaza horretara hurbildu dira eta, Ertzaintzako hainbat patruilak babestuta, Espainiako bandera zabaltzen saiatu dira baina, azkenean, zati bat baino ez dute zabaldu. Halaber, banderen inguruko legea Espainiako leku guztietan bete dezaten erakundeei eskatzeko agiria irakurtzeko asmoa zuten, baina hori ere ezin izan dute egin.
'Espainia Eskuzabala' elkarteko kide horien aurrean, ezker abertzaleko 100 bat jarraitzaile bildu dira, ikurriñekin eta Nafarroako banderekin, eta horien eta Ertzaintzaren aurkako oihuak bota dituzte: 'faxistak eta terroristak', 'zuek Iñigo Cabacas hil zenuten' edo 'alde hemendik, utzi bakean'.
Manifestarien eta Ertzainen artean tentsio-uneak bizi ostean ¿ agenteak borra erabili beharrean egon dira zenbait momentutan, Espainiako bandera zeramatenengana hurbil ez zitezen ¿ Ertzaintzak 'Espainia Eskuzabala' elkarteko bost kideak polizia-ibilgailuetan sartu eta handik eraman egin behar izan ditu "arazo gehiago ekiditeko", Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez.
Ohar baten bidez, aipatutako elkarteko presidente Santiago Ribasek deitoragarritzat jo du Zuzenbideko Estatu batean "herritar guztioi eragiten diguten legeak ez betetzea".
"Ezin dugu onartzen jarraitu erakunde horiek banderen legeari men ez egitea, eraikin horiek Espainiako herritar guztienak baitira, eta haiei esker mantentzen dira", gaineratu du.