Politika -

Memoria historikoa

Auzitegi Nazionalak hiru falangistari espetxe-zigorrak ezarri dizkie

Jose Ignacio Irusta, Javier Lopez eta Borja Perez zigortu dituzte, Nafarroako herrietan, 2009an, errepresio frankista gogoratzen dute plaken eta oroitarrien aurkako erasoak egiteagatik.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Ignacio Irusta, Javier Lopez Monreal eta Borja Perez Illera falangistei espetxe-zigorrak ezarri dizkie Auzitegi Nazionalak Memoria Historikoaren aurkako erasoak egiteagatik. Bi urte eta urte eta erdiko kartzela-zigorrak ezarri dizkie, Nafarroako herrietan, 2009an, errepresio frankista gogoratzen dute plaken eta oroitarrien aurkako erasoak egiteagatik.

Fiskaltzak zazpi urteko espetxe-zigorra eskatu zuen guztientzat terrorismo delitua leporatuta, baina mehatxu delitu bat soilik dela erabaki du Gai Penaletarako Aretoak sententzian. Horrela, Irustari bi urteko kartzela-zigorra ezarri dio, eta urte eta sei hilabete Lopez Monreali eta Perez Illerari.

Honenbestez, Fernando Grande-Marlaska, Ramon Saez Valcarcel eta Fermin Echarri magistratuek akusatuak absolbitu dituzte kalte eta mehatxu terroristagatik. Falange y Tradicioneko kide izatea egotzi zieten, eta horietako bati sekretuak zabaltzea leporatu zioten.

Vigandoz, Orkoien, Berriobeiti, Aitzoain eta Arbizu

2009ko abuztuaren 19an, Jose Ignacio Irustak ‘Frankismoko esklabuei omenaldia’ oroitarriaren plaka hautsi zuen”, Igari mendatean, Vigandozen.

Abuztuaren 20an, beste bi akusatuek pintadak egin zituzten Orkoieneko Udalaren ibilgailu batean. "Julio kontuz, mira debajo" eta "Zerri comunista" idatzi zioten herriko aguazilari, eta baita uztarria eta geziak margotu ere. Era berean, Dolores Ibarruri kaleko plaka Espainiako banderarekin margotu zuten.

Gau horretan bertan, Berriobeitiko hilerrian pintadak egin zituzten, Ezkabako gotorlekuan fusilatutakoak gogorarazteko plaka apurtu zuten Aitzoaingo hilerrian eta Arbizuko udaletxearen fatxadan pintadak egin zituzten: “gaur zelatatzen zaituztegu, bihar hilko zaituztegu”, alkatea eta zinegotziak mehatxatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan