Politika -
HIRUGARREN GRADUAN ZEGOEN
Alvarez Santacristina 'Txelis'i baldintzapeko askatasuna eman diote
Hirugarren gradua martxoan eman zioten, eta 2019ko abenduan behin betiko aske uztea espero da.
Agentziak | Erredakzioa
Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis ETAko kide historikoari baldintzapeko askatasuna eman dio Auzitegi Nazionalak. Zigorraren hiru herenak bete ditu dagoeneko. Gainera, biktimei barkamena eskatu die eta eragindako kaltea onartu du.
Txelis zigorra Espainian betetzen ari zen Frantziatik 1999an estraditatu ondoren; 2014ko abenduan 30 urteko zigorraren hiru herenak bete zituen. Martxoan hirugarren gradua eman zioten, eta 2019ko abenduan behin betiko aske uztea espero da.
Jose Luis Castro Auzitegi Nazionalaren espetxe-zaintzako epaileak autoan gogorarazi duenez, Txelis-ek “Justiziari laguntzeko borondatea azaldu du”. Gainera, indarkeriari uko egin dio eta ETA utzi du. Erakunde armatuak berak Alvarez kanporatu zuen. “Publikoki zein pribatuan” biktimei barkamena eskatu die.
“Ahal duen neurrian” bere ekintza terroristen erantzukizunari aurre egiteko konpromisoa hartu du Txelis-ek. Horrela, hilero 150 euro ordaintzen ari da, “diru-kopuru txikia da, baina diru-sarrerekin bat datorrena eta eginbeharra betetzeko borondatea azaltzen du”, epaileak nabarmendu duenez.
Txelis kanporatzen zuela iragarri zuen ETAko zuzendaritzak 1998an. Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia hil ondoren hurrengoa adierazi zuen Alvarezek: “ETAren borroka armatua sekula ez bezala ospe politikoa eta soziala galtzen ari da”.
“Tratamendu programetan izaten ari zen bilakaera ona” ikusita hirugarren gradua lortu zuen presoak martxoan. Era berean, senitartekoen babesak, “egindako delituaren onarpenak” eta “azken urteetan ETAren zuzentarauak jarraitzen dituen preso taldean parte-hartzeari uko egiteak” lagundu dio. Bidarten (Iparralde) atxilotu zuten 1992ko martxoaren 29an. Operazio berdinean Francisco Mujica Garmendia Pakito ETAko buruzagia eta Joseba Arregui Fitipaldi atxilotu zituzten.
Frantziak 10 urteko kartzela-zigorra ezarri zion. 1999an estraditatu zuten hiru auzirengatik, besteak beste, Manuel Broseta katedradunaren hilketagatik. 30 urteko espetxe-zigorra ezarri zion Espainiak.