Politika -

Ika-mika Rodrigo Ratorekin

'Sinesgaitzak' dira Fernandez Diazen 'aitzakiak', Sanchezen aburuz

PSOEren idazkari nagusiak esan duenez, "erantzukizuna bere gain ez hartu eta dimititu ez izanak suminarazten nau".

Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiaren hitzetan, "sinesgaitzak dira", Rodrigo Ratorekin izandako bileraren harira, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak eskainitako azalpenak. Halaber, Sanchezek esan duenez, "erantzukizuna bere gain ez hartu eta dimititu ez izanak suminarazten nau".

Dena dela, Pedro Sanchezek azpimarratu duenez, "arazoa ez da Espainiak Barne ministro txarra duela, Gobernu txarra duela baizik, batetik Barcenasi edo Rodrigo Ratori mesede egiten dien amnistia fiskalak onartzen baititu, eta bestetik, klase ertainaren zergak igotzen baititu".

"Esku batekin espainiar herritar gehienen eskubideak eta askatasunak murrizten ditu, Mozal Lege horrekin, baina guk lege hori baliogabetuko dugu Gobernura iritsi bezain laster", adierazi du, "eta beste eskuarekin, ordea, dirua ustez zuritzeagatik Poliziak eta epaileak ikertzen ari diren lagun batekin batzartzen da Barne ministroa".

PP: 'Erakundeak mespretxatu'

"Hartutako erabaki okerrengatik" gizarteari barkamena eskatzeko exijitu dio Javier Arenas PPko Eskualde-Politikako idazkariorde nagusiak Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiari. Arenasen aburuz, Ratorekin bildu izanagatik Estatuko Fiskaltzaren aurrean Barne ministroa salatzeak "erakundeak mespetxatzea dakar".

Coin udalerrian (Malaga) egindako agerraldi batean Arenasek esan duenez, Fernandez Diaz Diputatuen Kongresuan azaldu baino egun bat lehenago salaketa hori jartzea "erakunde horri iseka egitea da". "Salaketa horrek ez dauka inolako oinarririk, eta botere judiziala ere mespretxatzea dakar, erabilpen alderdikoia baita", gaineratu du alderdi popularreko buruzagiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak PSOE Pedro Sánchez argazkiak Ustelkeria politikoa azken albisteak