Politika -
Ratorekin bilera
PSOEk Fernandez Diazen aurka jarritako salaketa artxibatu egin dute
PSOEk Espainiako Fiskaltza Nagusiaren aurrean salaketa aurkeztu zuen prebarikazioa, delituak jazartzeko betebeharra ez betetzea eta sekretuak ezagutaraztea egotzita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Goreneko Fiskaltzak artxibatu egin du PSOEk Jorge Fernadez Diaz Espainiako Barne ministroaren aurka jarritako salaketa. Rodrigo Ratorekin Barne Ministerioaren egoitzan bilera egiteagatik salatu zuen Barne ministroa Espainiako Alderdi Sozialistak.
Espainiako Fiskaltza Nagusiak bi arrazoi nagusi aipatu ditu salaketa artxibatzeko: batetik, "salaketaren etorkizunezko izaera"; bestetik, "horretarako benetako euskarrien gabezia".
Fiskaltzak bere webgunean iragarri duenez, Auzitegi Goreneko Fiskaltzak ikertu du, eta horrek hartu du erabakia; izan ere, horri dagokio Gobernuko kideen kontrako kausak tramitatzea.
PSOEk hilaren 13an aurkeztu zuen salaketa Espainiako Fiskaltza Nagusiaren aurrean, eta Espainiako Barne ministroak Rodrigo Ratorekin Barne Ministerioan uztailaren 29an izandako bilera ikertzeko eskatu zion hainbat delitu zantzu egon zitezkeelakoan; besteak beste, prebarikazioa, delituak jazartzeko betebeharra ez betetzea eta sekretuak ezagutaraztea.
Fernandez Diazek PSOEren kontrako auzibidea irekitzeko aukera aztertzeko eskatu zien Barne Ministerioko Zerbitzu Juridikoei.
Bestalde, Espainiako Kongresuko talde guztiek -UPN salbu- Jorge Fernandez Diazen dimisioa eskatu zuten, eta gauza bera egin zuten Poliziaren hainbat sindikatuk eta AUGC Guardia Zibilaren sindikatuak.