Politika -
Irailak 11
Independentistak sareak hitzordua deitu du Diana egunean, Bartzelonan
Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea izango da helburua. ''Independentzia lortzeko gure ibilbiderako hainbat irakasgai'' lor daitezkeela uste dute.
Agentziak | Erredakzioa
Independentistak sarea euskal herritarrei zuzendutako ''hitzordua'' deitu du irailaren 11rako Bartzelonan, Diada egunean. Helburua izango da erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea eta ''Kataluniako herriari elkartasuna adieraztea, Madrildik heltzen diren eraso,jazarpen eta neurri errepresiboen aurrean'', antolatzaileek azaldu dutenez.
Txutxi Ariznabarreta sareko bozeramaleak Bilbon prentsaurrekoan azaldu duenez, hitzordua 15:00etan izango da, Bartzelonako Ferran Reyes plazan. Bertan, ANCko kideek harrera egingo diete, Meridiana etorbideko ''euskal tartetik'' gertu.
Independentistak sareko ordezkariek deia egin dute manifestaldira kamiseta eta zapi independentistekin joateko, eta ikurrinak, Nafarroako banderak eta seynerak ere eramateko.
Horrez gain, eskatu dute musika instrumentuak eta animazioa eramatea, ''kalejirari indarra emateko''. Sareko kideek uste dute Diada ''une berezia'' dela Kataluniako prozesuari elkartasuna adierazteko, kontuan izanda irailaren 27an hauteskundeak deituta daudela.
''Euskal Herrian inoiz baino arreta handiagoarekin ari gara aztertzen prozesua, bertan egiten ari diren bide horretatik gure independentziaren aldeko ibilbide propioa egiteko irakasgaiak atera daitezkeelako''.