Politika -

Lapurdin atxilotua

Alberto Plazaola aske utzi dute

Gaua han pasa ostean, epaileak aske utzi du. Hilaren 15ean zen deklaratzekoa Pauen Alberto Plazaola.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Plazaola aske utzi du Paueko Auzitegiko epaileak, gaua igaro eta gero. Atzo atxilotu zuten Ziburun Plazaola, indarrean dagoen euro-agindu baten bidez.

Epaitegietatik Eferi jakinarazi diotenez, Plazaola ezingo da Ziburuko etxetik mugitu eta Polizia etxera jo beharko du noizbehinka sinatzera.

Paueko Apelazio Auzitegiko instrukzio aretoak aske uztea erabaki du, kontrolerako neurri horiekin batera, Fiskaltzak esandakoaren kontra eginda, espetxeratzea eskatu baitzuen, Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskera bete bitartean.

Hilak 15ean saio berri bat izango du Plazaolak Auzitegi horretan, eta bertan euroagindua sakonago aztertuko dute.

Gainera, baliteke prozesua hainbat aste edo hilabete luzatzea, Auzitegi Gorenean helegiteak aurkeztuz gero. Edonola ere, Espainiako agintari judizialek igorri behar dituzten agiriek ere prozesua baldintzatuko dute.

Momentuz, Paueko Apelazio Auzitegiak "Schengen fitxa bat" dauka; horrek Plazaolaren aurka egindako euroagindua eta zigorraren parte berri bat bete gabe duela lotzen ditu.

Santi Arrospiderekin batera kaleratu zuten abenduaren 4an, 24 urte kartzelan egin ostean, baina martxoan Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen aske uzteko erabakia, eta biak espetxeratzeko agindu zuen, Frantzian preso egindako urteak ez zizkiotela kontuan hartuko argudiatuta.

Arrospide eta Plazaola ETAko presoak aske utzi izanaren aurkako helegitea jarri zuen fiskalak, eta helegite hori ontzat eman zuen Gorenak martxoan; beraz, baliogabe utzi zuen Auzitegi Nazionalak bi presoak kaleratzeko emandako agindua. Horrenbestez, Plazaola berriro espetxeratzeko agindua eman zuen. Arrospide kartzelan dago jada, beste bi delitu egotzi baitzizkioten Auzitegi Nazionalak aske utzi eta gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Iparraldea ETA albisteak Eguneko albisteak