Politika -
EBAZPENA
Gipuzkoako Foru Aldundia zigortu dute, estelada fatxadan jartzeagatik
Iazko azaroan, Kataluniako kontsultaren harira jarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bildu agintean zela, 'estelada' eraikinaren aurrealdean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Foru Aldundia zigortu du Donostiako epaitegi batek, joan den urteko azaroan 'estelada' jartzeagatik eraikinaren aurrealdean, Kataluniako kontsulta aldarrikatze aldera. Bildu zegoen agintean. Gaur kaleratutako ebazpenaren arabera, Aldundiaren 'neutraltasun eza' geratu zen agerian ekimen horrekin.
Estatuko Abokatutzak jarri zuen helegitea, eta Donostiako Auzitegiko Administrazioarekiko Auzietako aretoko epaile batek arrazoia eman dio, besteak beste, ikurren legea ez zela errespetatu argudiatuta.
Iazko azaroaren 9an Katalunian egin zen independentziaren inguruko galdeketaren harira jarri zuen Martin Garitanoren gobernuak 'estelada' Aldundiaren eraikin nagusian. Kontsulta egin eta bi egunera kendu egin zuten.
'Estelada' jartzeagatik halako ebazpena kaleratzen den lehendabiziko aldia da honakoa, eta baliteke jurisprudentzia ezartzea. Foru Aldundiak 15 eguneko epea du ebazpenari helegitea jartzeko.
Epaileak ebazpenean jaso duenez, 'estelada' eraikinean erakusteak, jarrera jakin bat babesten du, erakunde orori eskatzen zaion objektibotasuna alde batera utzita.
Helegitea jartzeko eskatu dio EH Bilduk Diputazioari
Gauzak horrela, epaiaren aurka helegitea aurkezteko eskatu dio EH Bilduk EAJk eta PSEk zuzendutako Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Koalizio soberanista gogor kritikatu du ebazpena: “Herrien erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duten erakunde publikoak jazarpen onartezina jasaten ari dira”.
Horrez gain, EH Bilduk jakinarazi du Kataluniari eta irailaren 27ko hauteskundeei “babesa adierazteko” ekimena aurkeztu dutela datorren hilaren 23an Gipuzkoako Batzar Nagusietan eztabaidatzeko.
“Hauteskunde horiek adierazpen askatasunaren eta herrien erabakitzeko eskubidearen aldeko urrats berri bat suposatzen dute”, erantsi dute.