Politika -
'Batera' konpromisoa
'Biktimen eta gizartearen arteko bat-egitea' sustatuko du Jaurlaritzak
Urkulluren gobernuak 'Batera' konpromisoa onartu du gaur, 'eragindako bidegabeko kaltea' aitortu eta 'terrorismo eta indarkeria mota oro' arbuiatzeko helburuarekin.
Agentziak | Erredakzioa
Terrorismoaren biktimen alorrean "garai berri bat" ekarriko duelakoan, 'Batera' konpromisoa onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak gobernu bileran. Asmoa "biktimen eta gizartearen arteko bat-egitea" sustatzea da, eta, horretarako, "eragindako bidegabeko kaltea" aitortu, "terrorismo eta indarkeria mota oro" arbuiatu eta iraganean gai honetan izandako "defizitengatik autokritika" egin du dokumentuan.
Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu ditu agiriaren nondik norakoak. Bertan nabarmendu duenez, Urkullu lehendakariak biktimekin ekainaren 5ean egindako bileraren segida izan nahi du gaur adostutako konpromisoak. Orduko hartan, autokritika egin zuen lehendakariak, eta barkamena eskatu zien biktimei "berandu erantzuteagatik":
'Batera' dokumentuak bere egin du Urkulluren autokritika. Hala, hitzez hitz jaso du "erakundeak biktimei eman beharreko erantzuna berandu" heldu zela eta orduko zatiketa politikoak "indarkeriaren arbuioan eta elkartasunean egon beharreko batasuna lausotu" zutela.
Gaur onartu duten agiriak biktimei eskaini beharreko arreta, ordaina eta aitortza prozesua sakontzea du helburu, eta, bide horretan, biktimen eta gizartearen arteko "bat-egitea" bilatzeko asmoa du Jaurlaritzak.
Erkorekaren esanetan, hiru printzipio edo oinarri ditu 'Batera' dokumentuak: benetakotasuna, zintzotasuna eta berdintasuna.
Jaurlaritzaren bozeramailearen hitzetan, benetakotasun printzipioak egin beharreko "autokritika" du atzean. Erkorekak gogorarazi duenez, Urkulluren gobernuak "iraganean izandako defizitak adierazi eta aitortu ditu, eta barkamena eskatu die terrorismoaren eta indarkeria mota guztien biktimei".
Zintzotasun oinarriak bi ardatz ditu, Erkorekaren hitzetan: "eragindako bidegabeko kaltea aitortzea, bata, eta terrorismo eta indarkeria mota oro arbuiatzea, bestea". Erkorekak azaldu duenez, 'Batera' konpromisoak "gutxieneko etiko" hori du abiapuntu, "biktimen memoriarekin eta ohorearekin konpromisoa agertzeko".
Berdintasun printzipioa ahotan, "biktimak artatzeko politika publikoek pertsonalizatuak" izan behar dutela esan du Jaurlaritzaren bozeramaileak, eta "egia, justizia eta ordain eskubideekin bat egin" behar dutela.
Biktimak gizartearengana hurbildu
Horren ildoan, politika publiko horiek biktimen eta gizartearen artean dagoen "distantzia gutxitu edota desagerrarazi" behar dute. "Etorkizunera begira eta elkarbizitzaren izenean, biktimen eta gizartearen arteko bat-egitea" sustatuko du Jaurlaritzak, eta neurriak prestatu ditu horretarako. Besteak beste, Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluan biktimen parte hartzea handituko dute.
"Biktimekiko politika publikoetan garai berri bat zabaldu nahi du 'Batera' konpromisoak. Biktimak etorkizunarekin lotu nahi ditugu, eta biktimen eta gizartearen arteko bat-egitea sustatu. Konpromiso hori gure plan eta programa guztietan izango da", nabarmendu du.