Politika -
Kolonbiako prozesuaren harira
Espainiako Gobernuaren jarrera 'hipokrita' kritikatu du Arraizek
“Kolonbiako ispiluan begiratu beharrean, Espainiako Gobernuak eta PPk nahiago izan dute Euskal Herriko gatazkari errendimendu politikoa eta elektorala atera”, salatu du EH Bilduko bozeramaileak.
E. Lotina | eitb.eus
Espainiako Gobernuaren jarrera “hipokrita” salatu du Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak, Kolonbiako bake prozesua babesten duelako, Euskal Herrikoa “zapuztu nahian” ari den bitartean.
“Kolonbiako ispiluan begiratu beharrean, Espainiako Gobernuak eta PPk nahiago izan dute Euskal Herriko gatazkari errendimendu politikoa eta elektorala atera. Hau da, Kolonbiarako balio duenak eta ona denak Euskal Herrirako ez du balio. Hipokresia handiagorik?”, salatu du.
“Euskal gizarteak behin betiko bakean eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna irudikatzen du, eta horra heldu nahi du, Kolonbiako herriak lortu duen bezala”, azpimarratu du.
EH Bilduko bozeramaileak eta Diana Urrea EH Bilduko legebiltzarkide eta Kolonbiako nazioarteko bake foroko kideak agerraldia egin dute goizean, Kolonbian bake prozesua bultzatzeko lortu duten akordioaz aritzeko. Arraizek eta Urreak Kolonbiako herria zoriondu dute, bakea ekarriko duen oinarriak ezartzeko gai izan direlako.
“Posible dela erakutsi dute Kolonbian”
Kolonbiar-euskalduna izanik, “hunkituta” dagoela adierazi du Urreak. “Kontrako interes asko egon arren, Kolonbian erakutsi dute bakea lortzea posible dela”, esan du Urreak. “Zoragarria litzateke Kolonbian bizitzen ari diren momentu historiko hau guk ere Euskal Herrian etorkizun hurbil batean bizi ahal izatea, eta lortuko dugu”, esan du.
Arraizen esanetan, “justizia ezartzeko eta 6 hilabeteko epean bakea erdiesteko Kolonbiako Gobernuak eta FARCek nazioartearen begiradapean erdietsi duten akordioaren edukietan sartu barik, Kolonbia behin betirako bakerako bidean jartzeko eraman duten prozedura eta irmotasuna eredugarriak dira”. Inork ez du esaten gatazkak gainditzea erraza denik”, gaineratu du.