Politika -
Ekitaldia Usurbilen
'Dena ETA da akusaziopean' epaitzen jarraitzen dutela salatu dute
''Zentzugabekeria elikatzen duten epaiketa politikoak'' egiten jarraitzen dutela salatu dute Usurbilen, 04/08 sumarioko inputatuen eta Herriko Tabernen auziko epaituen izenean.
Agentziak | Erredakzioa
Azaroaren 16tik aurrera, 04/08 sumarioko 35 inputatuak epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean. Epaiketa horren aurrean, hainbat lagunek larunbat honetan salatu dute ''dena ETA da akusaziopean'' epaiketa politikoak egiten jarraitzen duela Estatuak, eta ''epaiketa politiko'' horiek ''zentzugabekeria'' elikatzen dutela.
Usurbilen (Gipuzkoa) ekitaldia egin dute, eta, 04/08 sumarioko inputatuen eta Herriko Tabernen auziko epaituen izenean, prentsaurrekoa eman dute ) Karmele Aierbek eta Txerra Bolinagak.
Bertan salatu dutenez, Estatuak ''bere errepresio politikarekin jarraitzen du, martxan den aldaketa oztopatzen saiatzeko''.
Ildo horretan, kritikatu egin dute ''dena ETA da akusaziopean'' epaitzen jarraitzen dela, eta ''zentzugabekeria elikatzen duten epaiketa politikoak'' egiten jarraitzen dela. Horien hitzetan, Estatuak ''ez du positiboki erantzuteko beharra edo irtenbideetako agertoki berria eraikitzeko beharra sentitu''; ''politika inboluzio politika batean sartzeko beharra sentitu du 2011tik, inboluzioa judizialean, irtenbideetako etorkizun bati ate guztiak itxita''.
Horrekin batera, aurreratu dute ''epailearen aurrean irribarreaz'' agertuko direla Auzitegi nazionalean, ''Euskal Herria libre, independiente eta sozialista'' nahi duten ''bakegizonak' direla erantzuteko; eta horretarako borrokatu zuten ''2005ean, 2006an, 2007an, orain bezala''.
Bestalde, eskatu egin dute ''epaiketa politikoekin'' bukatzea, eta ''irtenbideen etorkizun bat'' lortzea, ''bakean''. Horretarako, herritarrak mobilizatzera deitu dituzte.