Politika -

Kataluniako prozesua

Rajoy: 'Denok ados gaude: mantendu egin behar da Espainiaren batasuna'

Espainiako Gobernuko presidentea Alber Riverarekin eta Pablo Iglesiasekin bildu da ostiral honetan. Asteazkenean Pedro Sanchezekin ere izan zen.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. EFE
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. EFE
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak bere gain hartu du Kataluniako prozesu independentistaren aurkako erantzunaren "lidergoa". Horregatik, Estatuaren zerbitzuengan "konfiantza" izateko eta eztabaida "antzuak" alboratzeko deia egin die alderdi unionistei, ados baitaude "funtsezko" kontuan: Espainiaren batasuna.

Rajoyk prentsaurrekoa eskaini du, gaur Alber Rivera Ciudadanoseko presidentearekin eta Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiarekin bildu ostean. Asteazkenean, Pedro Sanchez PSOEko buruarekin egon zen, eta hurrengo astean Unioko, IUko, UPyDko eta segur aski EAJko ordezkariekin batzartuko da.

Espainiako gobernuburua "pozik" agertu da bileren emaitzekin, eta "denek" prozesu kataluniarra "larria" dela ulertu dutela adierazi du.

Ciudadanosek Espainiaren aldeko Itun bat proposatu duela eta, Rajoyk esan du ez lukeela "arazorik" izango hura sinatzeko, baina "funtsezko" kontuan akordioa "jada eginda" dagoela zehaztu du. Izan ere, "denok ados gaude: Espainiaren batasuna mantendu behar da eta legeak bete egin behar dira".

Iglesiasek ez du bat egingo fronte antiindependentistarekin

Bestalde, Pablo Iglesiasek errefusatu egin du Espainiako Gobernuak, PSOEk eta Ciudadanosek Kataluniaren independentziaren aurka sortutako frontearekin bat egitea.

Halaber, Katalunian erreferendum bat egitea eta lurralde hori nazio gisa aitortzeko erreforma konstituzional bat abiatzea proposatu du.

Bileraren ostean egindako prentsaurreko batean, Podemoseko buruak "bunker batean sartu izana" eta "immobilismoaren aliatuak" izatea egotzi die PPri, PSOEri eta Ciudadanosi. Gainera, Kataluniako Estatutuaren aurka sinadurak bildu izana leporatu dio Rajoyri.

Riverak babesa agertu dio Rajoyri

Azkenik, Albert Riverak babesa agertu dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari, Katalunian "legea betearazteko".

Horren ildotik, une "delikatu honetan" Ciudadanosek Espainiako Gobernua babestea "garrantzitsua" dela esan du Riverak, eta Espainaren aldeko itun bat eskaini dio Rajoyri. Agintaria "edukiarekin ados" dagoela eta testua aztertuko egingo duela esan du Ciudadanoseko buruak.

Konstituzioaren 155. artikuluari dagokionez (autonomia bat bertan behera uztea ahalbidetzen duena), hura ezarri baino lehenago "mekanismo guztiak" martxan jarri behar direla adierazi du Riverak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Rajoy albisteak Espainia argazkiak Pablo Iglesias albisteak Eguneko albisteak Kataluniako Hauteskundeak gaur