Politika -

Presoak

Auzitegi Nazionalaren erabakia zigor operazioa dela esan du Etxeratek

20 presok Euskal Herrira hurbiltzeko egindako eskaria baztertu egin du aste honetan Auzitegi Nazionalak.

Etxerat presoen senideen elkarteak deituta, kontzentrazioa egin dute Donostian. Argazkia: EiTB
Etxerat presoen senideen elkarteak deituta, kontzentrazioa egin dute Donostian. Argazkia: EiTB
Etxerat presoen senideen elkarteak deituta, kontzentrazioa egin dute Donostian. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxerat presoen senideen elkarteak "zigor operaziotzat" jo du Auzitegi Nazionalak 20 presok Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzeko egindako eskaera baztertu izana. Zigor Arloko aretoaren autoaren arabera, "sakabanaketak ez ditu presoen komunikazio, bisita, defentsa, aholkularitza juridiko, hezkuntza, kultura edo osasun eskubideak urratzen".

Etxeratek ohar batean adierazi du Auzitegi Nazionalaren ebazpen hori "xantaia operazio" bat ere badela, eta gaineratu du hori ondorioztatu daitekeela Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak egindako adierazpenetatik. Izan ere, Barne ministroak behin baino gehiagotan esana du ETA desegiten denean amaituko dela sakabanaketa politika.

Presoak eta horien senide eta lagunak "zigor eta xantaia operazio" horren biktimak eta "sakabanaketak eragindako higadura fisikoaren, psikikoaren eta ekonomikoaren ondorioak" pairatu behar izaten dituzte.

Ezarritako kartzelaldia etxetik ahalik eta hurbilen betetzea presoen eskubidea dela adierazi du Etxeratek. Dena den, zehaztu du ETAko 420 presoetatik 22 baino ez daudela etxetik 400 kilometro baino gutxiagora.

"Auzitegi Nazionalaren erabakiz, gu eta gure senideak epaitegi batek jarri ez digun zigorra betetzen ari gara", azpimarratu du Etxeratek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak ETA Albisteak