Politika -

Bilera

Katalunian 'kale itsua' saihesteko eskatu dio Garzonek Rajoyri

IUko buruzagiak elkarrizketarako mahai bat abiatzeko proposatu dio Espainiako Gobernuko presidenteari, erreferendumaz eta estatu-eredu berriaz aritzeko.

Garzon eta Rajoy. Argazkia: Efe
Garzon eta Rajoy.
Garzonek elkarrizketa eskatu dio Rajoyri Katalunian

0:52

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Garzon IUren hauteskunde orokorretarako hautagaiak Kataluniako arazoa elkarrizketaren bitartez bideratzeko eskatu dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari, "kale itsu batera" iristea saihesteko. Hala, elkarrizketa mahai bat abiatzeko proposatu dio Espainiako Gobernuko presidenteari, erreferendumaz eta estatu-eredu berriaz hitz egiteko.

Espainiako Gobernuko presidenteak eta IUko buruak bilera "adeitsua" egin ostean emandako prentsaurrekoan, Garzonek ohartarazi du bere alderdiak ez duela Espainiako eta Kataluniako herritarrak aurrez aurre jarriko dituen "antzerki batean" parte hartuko.

IUko buruzagia hartu ostean, honakoa adierazi du Rajoyk Twitter bidez: "Espainiak axola digu. Guztiei entzuten diegu".

Kataluniaren arazoari buruzko adostasun punturik ez omen dute aurkitu, eta Garzonek argi adierazi nahi izan du IUk ez duela bide judizialik babestuko, Kataluniako PPk iragarri duen moduan, Junts Pel Sik eta CUPek independentzia prozesua abian jartzeko ebazpena bozketara eramateko ekimenaren aurka.

IUren hautagaiaren arabera, neurri horiek Kataluniaren autonomia bertan behera uzteko mehatxuarekin batera, ez dira irtenbidea, "independentista fabrika" bat baizik.

Estatu eredua aztertu

Elkarrizketa mahaiari dagokionez, emaitza "berme demokratikodun kontsulta" izango litzatekeela esan du: "1978ko Konstituzioaren prozesua berraztertzeko aukera gisa hartzen dugu. Uste dugu baldintza politikoak eta sozialak betetzen direla horretarako eta bizikidetza federalean oinarritutako eredu bat diseinatzeko".

"Horregatik ez dugu estatu itun horretan sartu nahi" berretsi du: "Badaude demokratikoki erantzuteko mekanismoak, ez dago gehiegikeriaz jokatu beharrik. Irtenbide judizialak ez dira irtenbideak, sekula ez dira irtenbideak izango. Irtenbidea emateko mekanismo politikoak jarri behar dira abian, eta IUrentzat hori Estatu nazioanitza da, Estatu federala defendatzen baitugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Rajoy albisteak Albisteak