Politika -
Memoria
Mikel Zabalza omenduko dute heriotzaren 30. urteurrenean
Guardia Zibilak atxilotu ostean hilik aurkitu zuten nafarraren omenezko ekitaldia azaroaren 21ean izango da, Hiriberrin.
agentziak | erredakzioa
Mikel Zabalzaren senideek eta lagunek ekitaldia antolatu dute gazte nafarraren heriotzaren 30. urteurrenean. Zabalza Bidasoa ibaian aurkitu zuten hilda, Guardia Zibilak atxilotu eta 20 egunera.
Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenak emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez, ez dute bertsio ofiziala sinesten, Endarlatzan zulo bat erakustera zihoanean ihes egin zuela esan baitzuen Guardia Zibilak.
"Ez genuen sinetsi eta ez dugu sinesten bertsio ofiziala, eta egia eskatzen jarraitzen dugu oraindik", adierazi dute Izaskun Zabalzak, Mikel Zabalzaren ilobak, eta Mikel del Rio plataformako kideak.
Zabalza hil zenetik "30 urteko ukapena eta isiltasuna" jasan dutela salatu dute, "30 urtez bertsio ofizial itxurako gezurrak, gutxiespen judiziala eta oztopoak".
Heriotzaren 30. urteurrenean, plataformak ekitaldia antolatu du azaroaren 21erako Garralda Kiroldegian (Hiriberri), "ozen eta argi esateko memoria dugula, ez dugula ahazten, eta egia eskatzen jarraitzen dugula".
Dena dela, ez dute "atzera begira" bakarrik jarri nahi, "bizi dugun gatazkaren behin betiko irtenbidea lortzeko konpromisoa" berretsi baitute, "horretarako biktima guztien errekonozimendua beharrezkoa da", azpimarratu aurretik.
"Ez da posible gatazka ixtea eta benetako bakea lortzea biktima guztiek egia jakin gabe, errekonozitu gabe, eta justizia eta konponketa egin gabe", gaineratu dute.