Politika -

Kataluniako Parlamentua

Kataluniako Estatua sortzeko adierazpena astelehenean onartuko dute

Proposamena eztabaidatzeko eta bozkatzeko osoko bilkura 10:00etan hasiko da. Espainiako Gobernuak astelehenean bertan inpugnatuko du ebazpena.

Junts pel Si eta CUPeko ordezkariak. Argazkia: EFE
Junts pel Si eta CUPeko ordezkariak. Argazkia: EFE
Adierazpenaren eranskin bat erregistratu dute Junts Pel Sik eta CUPek

1:41

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Estatua sortzeko adierazpena eztabaida eztabaidatzeko eta bozkatzeko osoko bilkura datorren astelehenean (azaroak 9) egingo dute Kataluniako Parlamentuan. Junts pel Sik eta CUPek gehiengo osoa dute eta, ondorioz, proposamenak aurrera egingo du.

Aipatzekoa da datorren astelehenean urtebete izango dela Katalunian prozesu parte-hartzailea egin zutenetik.

SiQueEsPot taldeak aurkeztutako ebazpen bat ere eztabaidatu eta bozkatuko dute bilkuran eta gainerako alderdiek bere jarrera erakutsi eta zuzenketak egin ahal izango dituzte.

Horrez gain, Carmen Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak jakinarazi du astelehen horretan bertan, arratsaldean, egingo dutela Artur Masen inbestidura saioa.

Bitartean, Junts pel Sik eta CUPek prozesu independentistan urratsak ematen jarraitzen dute. Astelehenean bozkatuko den ebazpena zabaltzea erabaki dute, Kataluniako herritarren ?oinarrizko eskubideak? Espainiako Estatuaren balizko inpugnazioen aurrean babestuta egoteko.

Gauzak horrela, Kataluniako Parlamentutik jasotako aginduak soilik betetzeko eskatu diote eranskin horretan Kataluniako Gobernu berriari.

Espainiako Gobernuaren urratsak

Bestalde, Espainiako Gobernuak iragarri du azaroaren 9an bertan inpugnatuko duela  adierazpen independentista.

Justizia Ministerioko iturriek jakitera eman dutenez, Estatu Kontseilua egun horretan bertan bilduko litzateke bere txostena egiteko eta ondoren Ministroen Kontseiluak helegitea Auzitegi Konstituzionalera igortzeko baimena emango luke.

Litekeena da Estatuko abokatuak aurkeztea errekurtsoa Konstituzionalean, baina ez dago baztertuta Mariano Rajoyren Gobernuko ministroren bertaratzea auzitegira.

Horrenbestez, Auzitegi Konstituzionala asteazkenean, azaroaren 11n, bilduko litzateke Espainiako Gobernuaren tramitera onartu eta Kataluniako Parlamentuaren ekimen independentista baliogabetzeko.

Artur Masen inbestidura

Bestalde, inbestidura saioa arratsaldeko 17:00etan hasiko da, Artur Mas Generalitateko jarduneko presidentearen agerraldiarekin. Talde parlamentario guztiekin bildu ostean, Carmen Forcadellek Artur Mas proposatu du berriro Kataluniako presidente izateko hautagai moduan.

Masek nahi haina denbora izango du bere gobernu-programa aurkezteko. Lehendabiziko saioa agerraldi horrekin bukatuko da. Asteartean taldeen txanda izango da eta ondoren Masek taldeei erantzuteko aukera izango du. Amaieran, bozketa egingo dute.

Lehendabiziko bozketan, Artur Masek gehiengo absolutuaren babesa lortu beharko du presidente izateko; gehiengo absoluturik ez badu, bilkura bertan behera geratuko litzateke eta ostegunean berriro egingo lukete agerraldia Masek eta Parlamentuko taldeek.

Bigarren bozketan gehiengo sinplearen babesarekin nahiko izango luke Masek berriro presidente izateko, baina boto nahikorik lortu ezean, urtarrilaren 9a arteko epea izango luke akordio batera heltzeko.

Urtarrilaren 9an inbestidura gauzatzeko itunik ez badu, bi aukera izango dira: oposizioko taldeen adostutako hautagai berri bat aurkeztea edo hauteskundeak deitzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniaren independentzia Espainiako Gobernua argazkiak Espainia Eguneko albisteak Kataluniako hauteskundeak Artur Mas