Politika -
Hezkuntza LEP-a Nafarroan
Lan eskaintza 'berrikusiz' gero, babesteko prest agertu da Ahal Dugu
Gobernuaren beste kideak, I-Ek, berriz, ez du Mendozaren egitasmoa babesteko "argudiorik" ikusten. Mendoza kontseilaria lau alderdietako ordezkariekin bildu da, giroa lasaitze aldera.
Agentziak | Erredakzioa
Hezkuntza alorrean egin asmo duen lan eskaintza publikoaren nondik norakoak azaltzeko bilera egin du gaur Jose Luis Mendoza Nafarroako Hezkuntza kontseilariak gobernua babesten duten lau alderdietako ordezkariekin.
Krisia zabaldu zen atzo aldaketaren aldeko alderdien artean. Lan eskaintzan plazen % 70 irakasle euskaldunei zuzenduko zaiela eta, horrek sortuko ei duen "desorekarekin" kritiko agertu ziren Ahal Dugu eta I-E, eta PSNk Nafarroako Ganberan LEPa erretiratzeko egindako eskaera babestu zuten.
Ahal Dugu: "Lan Eskaintza Publikoa ezin da bertan behera utzi"
Gaurko bilerak giroa apur bat lasaitzeko balio izan du, behintzat Ahal Duguri dagokionean. Tere Saez parlamentariak hura amaituta adierazi duenez, lan eskaintza ezin da bertan behera utzi "behar larria" dagoelako eta "bitarteko langileek bereziki espero" zutelako. Dena dela, "berrikusi" beharra dagoela azpimarratu du.
Saezen hitzetan, lan eskaintza publikoaren prozesua "gaizki" egin da, eta bilera bera ere "berandu" heldu da. Nolanahi ere, Mendozak emandako argudio batzuk balekotzat jo ditu, besteak beste, PAI programa eleanitza garatzeak "irakasle elebakarrak baztertzea" ekarri duela esateak.
Hori gorabehera, lan eskaintza "berrikusi beharrekoa" dela uste du Saezek, "ratioak jaitsita eta eskola orduen gaia berriro aztertuta". Horrez gain, ingelesa dakiten bitarteko langileei "beste batzuekin aukera berdintasunean lehiatzeko aukera" bermatu beharra dagoela azpimarratu du Ahal Duguren kideak.
Kontseilariak "eskaintza guk proposatutako ikuspuntutik berrikusten badu, gure aldetik, zuzena bada behintzat, baiezkoaren alde egingo dugu". erantsi du Tere Saezek.
Izquierda-Ezkerrak bereari eusten dio
Marisa de Simon Izquierda-Ezkerrako parlamentariak adierazi duenez, aurreko ostiralean zegoen puntu berean dago gaia. Dena den, Hezkuntza kontseilariak mahai gainean jarri duen Lan Eskaintza Publikoa atzera botako duenaren itxaropena agertu du Simonek; plaza orokor kopurua mantenduta -hezkuntza sistema publikoko behin-behinekotasuna hein handi batean arintzeko balioko duena-, baina euskarazko eta gaztelerazko lanpostuen banaketa "berehala" erretiratuta.
"Kontseilariak zuzenketak egiteko eta lanpostuen banaketa aztertzeko konpromisoa hartzen badu, hitz egiteko eta aurrera egiteko aukera izango dugu", gaineratu du.
Edozein kasutan, "ez dago euskarazko eta gaztelerazko lanpostuen banaketa hori justifikatzen duen argudiorik. Ez da banaketa batere zuzena eta orekatua eta, gure iritziz, ez die hezkuntza sistemaren beharrei erantzuten, ez epe motzera eta ezta epe luzera ere.
Parlamentuaren aginduari men egiteko eskatu du PSNk
Nafarroako Parlamentuaren gehiengoaren borondateari men egiteko eskatu dio PSNk Nafarroako Gobernuari; izan ere, Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoaren proposamenaren kontra agertu zen parlamentua.
Maria Chivite PSNk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaileak azaldu duenez, "gehiengo zabal batek Gobernuaren proposamena baztertu du".Chiviteren hitzetan, "Uxue Barkos Nafarroako Foru Gobernuko presidenteak esku hartu behar du Hezkuntza kontseilariak proposamena atzera bota dezan eta Nafarroako benetako eskaerari erantzun diezaion, desorekarik sortu gabe".