Politika -

Katalunia

Artur Masek inbestiduraren bigarren bozketari egingo dio aurre gaur

Jarduneko presidenteak bere eragina gutxitzeko CUPi hiru presidenteordetza eskaini zizkion atzo bilera batean, baina antikapitalistek ez dute proposamena onartu.

Artur Mas Generalitateko jarduneko presidentea. Artxiboko irudia: EFE
Artur Mas Generalitateko jarduneko presidentea. Artxiboko irudia: EFE
Artur Mas Generalitateko jarduneko presidentea. Artxiboko irudia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inbestiduraren bigarren saioari aurre egin beharko dio gaur Artur Mas Generalitateko jarduneko presidenteak. CUPen babesa ez duela izango ematen du. ?Arnasa hartu eta Parlamentura burua argi itzultzeko? gomendioa eman zioten CUPeko diputatuek asteartean, baina, dirudienez, ez da nahikoa izango.

Ez dirudi Masen azken proposamenak gauzak aldatuko dituenik. Bere eragina gutxitzeko, hiru presidenteordetza eskaini zituen atzo bilera batean: Neus Muntek hartuko luke bat; Oriol Junquerasek, beste bat, eta Raul Romevak, hirugarrena.

Hala, toki guztia hartuko ez lukeen figura lausoa izatera pasatuko litzateke presidentea, baina CUPek ez du proposamena onartu. Hortaz, blokeoari ez eustea ezustekoa izango litzateke. Beharrezkoa balitz, Mas baztertzea ere badagoela eman zuen aditzera berriro Joan Tardak (ERC) bart, Radio Euskadiko ?Ganbara? irratsaioan.

Jarduneko presidentea Antonio Baños, Anna Gabriel eta Benet Salellas CUPeko dipuatuekin batzartu zen atzo, inbestiduraren bigarren bozketari begira akordioa lortzen saiatzeko.

Presidentetza partekatua

CUPek presidentetza partekatu bat sortzea proposatu zuen, eta Junts pel Si koalizioak hiru presidenteorde izendatzea mahaigaineratu du orain, alderdi antikapitalistaren asmoetara gerturatzeko.

Hain zuzen, Junqueras lehen presidenteordea izango litzateke, ekonomia gaien arduraduna; Romeva, bigarrena, nazioarteko harremanetarako gaien arduraduna; eta Munt, hirugarrena, gizarte gaien arduraduna.

Horretarako, baina, Generalitateko Presidentetzaren Legea erreformatu beharko lukete, presidenteorde bakarra izendatzeko aukera baino ez duelako jasotzen.

Asteartean, CUPek bat egin zuen oposizioarekin, eta galarazi egin zuen Artur Masen inbestidura.

Gehiengo sinplea

Gaur beste bozketa bat egingo dute, eta gehiengo sinplea beharko da; hau da, CUPeko bi diputatuk alde bozkatzea eta beste zortziak abstenitzea nahikoa izango litzateke Mas berriz ere presidente izan dadin.

Nolanahi ere, Antonio Bañosek ohartarazi du ez dutela botoa aldatuko Junt pel Siren hautagaia berriro Mas bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Gaurko azken ordukoa Kataluniako hauteskundeak Artur Mas bideoak