Politika -
Nafarroa
Ebakuntza egingo diote Uxue Barkosi, linfedema bat kentzeko
Edema mota hori eskuin eskuan agertu zaio, bularreko minbiziaren aurka jasotako tratamenduaren ondorioz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteari ebakuntza egingo diote asteazkenean, linfedema bat atzeman baitiote eskuin eskuan.
Linfedema kanal linfatikoak oztopatzen direnean sortzen den edema mota bat da, eta hantura, mina eta eskua mugitzeko zailtasunak eragiten ditu.
Bularreko minbiziaren aurka jasotako tratamenduaren ondorioz sortu zaio Barkosi, Foru Gobernuak azaldu duenez. Hain zuzen ere, tratamendua bukatu eta sei hilabetera agertu zitzaion, eta harrezkero modu kontserbadorean egin diote aurre linfedemari.
Orain, baina, ebakuntza egin beharko diote, eta presidentea gutxienez 48 ordu izango da Nafarroako Ospitalean. Hori dela eta, bertan behera utzi ditu hilaren 18rako, 19rako eta 20rako aurreikusita zituen ekitaldiak.
Ostegunean saioa egitekoa dute Nafarroako Parlamentuan, eta Barkosek bere botoa beste norbaiten esku utziko duela iragarri dio jada Ganberako presidenteari.
Halaber, Foru Gobernuaren asteroko bilera asteazkenetik asteartera aurreratu dute.