Politika -
'Barrura begiratzeko leihoak'
Maite Iturbe: 'Epaitegiek ez zuten dokumentala legez kanpo utzi'
Dokumentala testuingurua azalduta emititu behar izan zutela aitortu du EiTBko zuzendari nagusiak.
eitb.eus
Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak errua aitortu du urriaren 25ean ETBn "Barrura begiratzeko leihoak" dokumentala emititzeagatik. Izan ere, lan hori "testuinguru batean" kokatu behar zeal adierazi du.
Bestalde, Iturbek nabarmendu duenez, ETdokumentalaren kontra aurkeztutako salaketa guztiak artxibatu dituzte eta epaitegiek ez dute debekatu, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak eta Manos Limpias sindikatuak salaketak aurkeztu zituzten arren. Auzi judizialik ireki ez izanak agerian utzi du, Iturberen hitzetan, dokumentala ez dela “terrorismoa goraipatzeko obra bat”, eta hori dela eta, libreki erakutsi dute Euskal Herriko zinema eta kultur etxeetan.
EiTBko zuzendari nagusiak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko batzordean, UPyDk egindako eskaerari jarraiki. PSOEk, PPk eta UPyDk berak kritikak egin zizkioten Euskal Irrati Telebistako zuzendaritzari dokumentala eskaintzeagatik, ETAren ibilbide kriminala “zuritzen” zuela eta presoak biktimatzat jotzen zituela argudiatuta.
Agerraldian, dokumentala EiTBren ekoizpena izan ez zela azpimarratu du Iturbek: “Ekoizpen-etxe bati dagokio haren produkzioa, eta ez zute parte hartu ez EiTBk, ez Eusko Jaurlaritzak, ez erkidegoko beste erakunderen batek”. Gainera, gogorarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2012an emandako diru-laguntzari uko egin zion produkzio-etxeak berak.
Iturbek azaldu duenez, dokumentala “zehatz-mehatz” aztertu eta gero, haren kontrako auzi judizialik ez zabaltzea erabaki zuen Fiskaltzak eta, ordudanik, “zinema-aretoetan eta cultura-etxeetan aske ibili da”. Horrez gain, euskal kulturako izen esanguratsuak ikus-entzunezko hau “normaltasunez ematearen alde” eta zentzuraren kontra mintzatu zirela nabarmendu du EiTBko zuzendari nagusiak. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria, Bernardo Atxaga idazlea edota Nestor Basterretxea artista aipatu ditu horren adibide.
Dena dela, EiTBko zuzendariak aitortu du “mota honetako produktuek testuinguruaren aurkezpen bat behar dutela” eta EiTBk halakorik egin ez zuela. Biharamunean, ordea, “azkar” jardun zuela nabarmendu du Iturbek: “Egitateak bideratu eta azaldu genituen, komunikabide-talde publiko hau gidatzen duten printzipio demokratikoekin konprometituta”.
Iturberen hitzetan, dokumentalak ikuspuntu jakin bat jasotzen du, “esker abertzalearena”, baina “ikuspegi horrek legebiltzar honen aktetan, iritzi-artikuluetan eta ekitaldi publikoetan ere zabal jasota dago”. Alegia, ikuspegi jakin bat jasotzeak ez du esan nahi, EiTBren zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, “komunikabideok horrekin ados gaudenik edo ikuspegi hori komunikabideen, kasu honetan, EiTBren, ildo editorialarekin bat datorrenik”.
Hala, EiTBk giza eskubideen eta bizikidetzaren alorrean dituen konpromisoak zeintzuk diren berretsi du Iturbek. ”Terrorismoaren deslegitimazioarekin, gizarte sentzibilizazioarekin eta tolerantziaren, askatasunaren eta aniztasunaren herritar-balioen zabalkunde eta sustapenekin konpromisoa du EiTBk bere ildo editorialean”. Horrez gain, bere egin ditu Eusko Jaurlaritaren Bake eta Bizikidetza Planaren filosofía eta edukia.
Alderdien adierazpenak
Talde parlamentarioen txandan, EAJk gogorarazi du 2011n, EiTBren burua Alberto Surio zela, ETBk Carrero Blancori buruzko dokumental bat emititu zuela, frankismoaren buruzagi horren “giza ikuspegia” emateko eta horren afilizazio politikoa aipatu gabe. Alderdi jeltzalearen esanetan, orduan Suriok esan zuen dokumentala emititu izanak ez duela esan nahi edukiarekin ados zeudenik.
Bere aldetik, EH Bilduk esan du Euskal Telebista “herrialde honen aniztasunaren isla” izan behar dela, eta “euskal preso politikoek entzunak izateko eskubidea” dutela gaineratu du.
PSEk kritikatu egin ditu EiTBren “ildo editoriala eta terrorismoaren biktimei ematen zaien trataera”, eta kritikatu egin du erakunde publikoa “nazionalismoaren zerbitzura” dagoela.
PPk kritikatu egin du audientziek behera egin izana, eta teleberriak “gobernuan publierreportajeak” direla salatu du, “Euskadiko ustelkeria auziak ez baitira horietan agertzen”.
Azkenik, Gorka Maneiro UPyDko bozeramaileak salatu du EiTBk ez dituela emititzen terrorismo kontuetan “beste ikuspegi bat” duten lanak.