Politika -

Auzitegi Nazionala

Venezuelak ETAri eta FARC gerrilari lagundu diola uste du ANk

Eloy Velasco epaileak ETAko sei ustezko kide eta FARCeko beste zazpi auzipetu ditu, azken horiek Kolonbiako goi-karguen aurka Espainian atentatuak egiteko ETAri laguntza eskatu ziotela leporatuta.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

FARC gerrilak Espainian atentatuak burutzeko laguntza eskatu omen zion ETAri, tartean Alvaro Uribe presidente kolonbiarraren eta Andres Pastrana presidente ohiaren aurkakoak. Gaur ezagutarazitako ebazpenean, Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak ETAko sei ustezko kide eta FARCeko beste zazpi auzipetu ditu, Kolonbiako goi-karguen kontra Espainian atentatuak egiteko konspirazioa egiteagatik.

Gainera, Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen arabera, Venezuelako Gobernuak ETA eta FARC erakundeen arteko aliantzan lagundu duela esateko zantzuak daude.

"Auzibide honetan izapideak badaude Venezuelako Gobernuak FARC eta ETAren arteko aliantzan lagundu zuela adierazten dutenak, batez ere Arturo Cubillas Fontanen egoera, herrialde horretan kargu publikoa izan duena", dio autoan.

Auzipetuen artean Arturo Cubillas ETAko ustezko kidea dago, Hugo Chavezen Gobernuan kargua izan zuena. Auzipetutako ETAko ustezko gainerako kideak hauek dira: Jose Ignacio Echarte Urbieta, Ignacio Dominguez Achalandabaso, Jose Maria Zaldua , Jose Angel Urtiaga Martinez eta Jose Miguel Arrugaeta San Emeterio.

Auzipetutako FARCeko kideak, berriz, ondoko hauek: Edgar Gustavo Navarro Morales, Victor Ramon Vargas Salazar, Emiro del Carmen Ropero, Rodrigo Granda, Remedios Garcia, Luciano Martin eta Omar Arturo Zabala.

Arturo Cubillasi, Edgar Gustavo Navarrori eta Victor Ramon Vargasi atentatu terroristak egiteko konspiratu izana leporatzen die Velasco epaileak. Gainerakoei lehergaiak izatea eta erakunde armatuari laguntza emate egotzi die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea