Politika -
Astelehen honetan
Kabuleko atentatua gaitzesteko elkarretaratzeak deitu ditu Eudelek
"Eraso terrorista berri horren aurrean gure gaitzespen sendoa erakutsi nahi dugu", adierazi du ohar baten bidez EAEko Udalen Elkarteak. Atentatuan bi polizia espainiar hil ziren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ostiralean Kabulen (Afganistan) izandako atentatua errefusatzeko bost minutuko elkarretaratze isilak deitu ditu astelehen honetarako Eudel EAEko Udalen Elkarteak. Atentatuan bi polizia nazional hil ziren: Jorge Garcia Tudela eta Isidro Gabino San Martin. Horren harira, biktimen senideei elkartasuna adieraztea ere izango da helburua.
Joan den azaroan Parisen eta Malin izandako atentatu jihadistak jazo zirenean ere elkarretaratzeak egin zituen Eudelek. Oraingoan berriro ere terrorismoa gaitzesteko deitutako elkarretaratzetan parte hartzeko deitu ditu herritarrak. Gainera, "eraso terrorista berri horren aurrean gure gaitzespen sendoa" erakutsi du Eudelek.
Lehendakaria
Bestalde, erasoa gaitzesteko Iñigo Urkullu lehendakariak ere elkarretaratze isila egingo du bihar Donostian. BCBL enpresan, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzeko nazioarteko zentroan, izango da ekitaldia. Izan ere, geroago bertan bisitan izango da lehendakaria.