Politika -
Legebiltzarreko ekimena
Ertzaintzari torturatzea egozten diotenak salatzeko eskatu du PSEk
Joan den otsailaren 9an alderdi popularrak antzeko kereila bat aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean.
Erredakzioa
Ertzaintzari torturatzea egozten diotenak auzitara eramateko eskatu dio PSEk Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari. Ustez ETAko kide izatea leporatuta Ondarroan atxilotutako lagunen kasuaz ari da PSE, hain zuzen ere. Beraz, sozialistek PPrekin bat egiten dute auzi honetan.
Joan den otsailaren 9an alderdi popularrak antzeko kereila bat aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean. Aurreko egunean, otsailaren 8an, Ertzaintzak torturatu zituela eta inkomunikazio aldian izan zituela prentsaurrekoan jakinarazi zutenak auzietara eramateko eskatu diote Herrizaingo Sailari.
PSEk antzeko testu bat aurkeztu du; beraz, baliteke alderdi biek testu bakarra adostea kereila hori aurkezteko.
"ETAren indarkeriaren aurkako zero tolerantzia" eskatu diote Sozialistek Eusko Jaurlaritzari bere emendakinean.
Gaur Donostiako Udaleko zinegotziek atxilotuen aurkako inkomunikazio aldia amaitzeko eskatu dute. Bertan, Giza Eskubideen babesaren eta askatasunen inguruan NBEko adituak egindako gomendioak aintzat hartzeko eskatu dute. Halaber, "tortura eta tratu txarrak" errefusatu ditu Udalak.