Politika -
Nafarroan
Bi gazte atxilotzeko eskatu du ANk, epaiketara azaldu ez direlako
Kale indarkeria leporatuta, Artzai Santesteban Arizcuren eta Joseba Fernández Aspurz bilatzeko eta atxilotzeko eskatu du Auzitegi Nazionalak.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak bi gazteren aurkako bilaketa eta atxilotze agindua eman du gaur, kale indarkeria leporatuta. Haien aurkako epaiketa hasi dute gaur Madrilgo auzitegian, baina gazteak ez dira azaldu. Antza, 2008ko martxoaren 9an Nafarroako bi polizien aurkako erasoan parte hartu zuen.
Gertaera berdinagatik Iker Araguas Josué, Xabier Xagadoy Lana, Luis Goñi Lara, Iñaki Marin Mercero eta Aritz Azcona Domínguez epaitu dituzte gaur bertan. Delitu beragatik Odei Ijurco zigortu zuten 2009ko martxoan.
Pedro Martinez fiskalak 12 urteko kartzela zigorra eskatu du auzipetu bakoitzarentzat, objektu su-eragileak izatea eta erabiltzeagatik, Nafarroako Poliziaren aurkako atentatuagatik eta desordena publikoengatik.
Gaurko saioan, "kutxazain baten" aurka egin behar zutela onartu dute Araguasek eta Marinek. Bidean, hala ere, poliziak zeudela ikusi eta, berehala "sua sortzeko botila" lurrean utzi zuten, eta "korrika alde egin zuten".
"Nik oso argi eduki dut beti ez nuela inor zauritu nahi, horregatik Polizia agertu zenean tokitik alde egin nuen", esan du Aragues-ek epailearen aurrean.
Xagadoyk, bestalde, kutxazainaren aurkako erasoa egiten zuten bitartean "behaketa lana" egiteko bere burua proposatu zuela onartu du. Goñik erasoan parte hartu behar zuela esan du, baina geralekura heldu zenean "inor ez zegoela" azpimarratu du .
Fiskaltzaren lekukoen artean zaurituta izan ziren bi Poliziak izan dira epaiketan, lekuko gisa. Azaldu dutenez, Odei Ijurco atxilotzean, honek "erresistentzia handia" jarri, eta poliziak zauritu zituen.