Politika -
EAEko Auzitegi Nagusia
Ruiz Piñeirok uko egin dio berriro EAEANko presidente izateari
Azkenean hiru epaile lehiatuko dira EAEko Auzitegi Nagusiko presidente izateko: Jaime Tapia, Juan Luis Ibarra eta Juan Mateo Ayala.
Erredakzioa
EAEko Auzitegi Nagusiko (EAEAN) hurrengo presidentea ez da Fernando Ruiz Piñeiro izango, jarduneko presidenteak uko egin baitio berriz hautagai izateari.
ETAren azken su-etenean Batasuneko buruekin batzartzeagatik Juan Jose Ibarretxeren eta Patxi Lopezen aurka abiatutako auziaren porrota eta sektore nazionalistak eta progresistaren parte batek jarri dioten betoa giltzarri izan dira.
Hautagaiak aurkezteko epea gaur gauerdian amaitu da, eta azkenean hiru epaile lehiatuko dira Piñeirok utzitako lekua hartzeko: Jaime Tapia Arabako Auzitegiko epailea, Juan Luis Ibarra Administrazio Auzietarako Aretoko presidentea eta Juan Mateo Ayala Dokumentazio Judizialaren Zentroko zuzendaria.
Dena dela, hautagaien zerrenda ez dago guztiz itxita oraindik. Izan ere, baliteke norbaitek gutun bidez bidali izana bere hautagaitza, eta kasu horretan, astelehenean helduko litzateke egoitzara.
Hirurak aldez aurretik ere aurkeztu ziren, baina ez zuten babes nahikoa lortu. Horrenbestez, ez dago argi oraingoan gai izango diren.
Printzipioz betorik ez duen bakarra Mateo Ayala da. Ez da epaile elkarte nagusietako bateko kide, hots, hautagai independentea da, baina eragin gutxikoa, eta beraz, hori aurka izan lezake.
Jaime Tapiak progresisten botoa dauka, baina sektore kontserbadoreak betoa jarriko dio.
Bere aldetik, Ibarra kontserbadorea da eta progresistak eta nazionalistak aurka ditu.
Horrenbestez, badirudi Ayala izan litekeela alde guztiek ados lezaketen hautagai bakarra.
Presidente berria, hilabete amaieran?
Orain arte, ez du inork 13 bokalen babesa lortu Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian. Bertan 20 kide (9 progresista, 9 kontserbadore, CiUko bat eta EAJko beste bat) eta Carlos Divar presidentea daude.
Epaileen gobernu organoak hilabete honetako amaieran erabaki lezake Piñeiroren ordezkoa.
Ruiz Piñeirok iazko otsailean amaitu zuen agintaldia, eta harrezkero jarduneko presidente lanetan aritu da, Botere Judizialean ez baitute akordiorik lortu postua nork hartu erabakitzeko.
Mendia
EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea aukeratzeko hautagai bakoitzaren merezimenduak hartu behar dira kontutan, Idoia Mendia Justizia sailburuaren hitzetan.