Politika -
Parisko Auzitegia
Espetxera eraman dituzte Cahanen atxilotutako ETAko ustezko kideak
Ibon Gogeaskoetxea, Beñat Aginagalde eta Jose Lorenzo Ayestarani "gaizkile taldea osatzea" eta "helburu terroristak izatea" egotzi diete eta ondorioz, 10 urte arteko kartzela-zigorra ezar diezaiekete.
Erredakzioa
Joan den igandean Normandian atxilotutako ETAko hiru ustezko kideak kartzelatzeko agindua eman zuen atzo gauean Frantziako Justiziak, Efe albiste-agentziak iturri judizialak aipatuta jakitera eman duenez.
Ibon Gogeaskoetxea ETAko ustezko buruzagi militarra, Beñat Aginagalde eta Jose Lorenzo Ayestaran galdeketa amaitu ostean bidali zituzten espetxera. Parisko Auzitegitik Frantziako hiriburuaren kanpoaldean dagoen presondegi batera eraman zituzten.
Parisko Auzitegiko epailek batek hirurak behin-behinean espetxeratzeko erabakia hartu zuen, "helburu terroristak dituen gaizkile taldea" osatzea leporatuta. Akusazio horrengatik 10 urte arteko espetxe-zigorrak jartzen dituzte Frantzian.
ETAko hiru ustezko kideak Cahanen (Normandia, Frantzia iparraldea) atzeman zituzten, etxebizitza batean. Poliziak dio egun horretan zirela etxea uztekoak eta astebete lehenago alokatu zutela agiri faltsuak erabilita.