Politika -
Jarduneko Exekutiboa
Gutxieneko soldata % 1 igotzea onartu du Espainiako Gobernuak
Hala, lanbide arteko gutxieneko hileko soldata 655,08 euroan kokatuko da. Gainera, 2016an pentsioek % 0,25 gora egiteko dekretua onartu du Exekutiboak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuaren jarduneko Ministro Kontseiluak lanbide arteko gutxieneko soldata % 1 igotzea onartu du. Egun, 648,60 eurokoa da hileko gutxieneko soldata, eta datorren urtean 655,08 euroan kokatuko da.
Aipaturiko igoera UGT eta CCOO sindikatuen nahi zutena baino txikiagoa da; izan ere, azaroaren 2an Fatima Bañez Enplegu ministroari bidalitako eskutitz batean 2016an eta 2017an % 11 igotzeko eskaera egin zioten sindikatuek.
Sindikatuen esanetan, igoera horiek gauzatuz gero lanbide arteko gutxieneko soldata batez besteko soldata garbiaren % 60ra gerturatuko litzateke, Espainiak sinatutako Europako Gizarte Gutunak gomendatu bezala.
Pentsioen igoera txikia
Gainera, 2016an pentsioek % 0,25 gora egiteko dekretua onartu dute. Estatuko aurrekontu orokorretan aurreikusitako igoera da eta 10 milioi pentsiodunek urtarrilaren 1etik aurrera jasoko dute.
Igoera txiki honekin, pentsio publikoen muga hilean 2.567,28 eurokoa izango da.