Politika -
Urte amaierako mezua
Mas: 'Kataluniak eta Espainia osoak gobernu egonkorrak behar dituzte'
Generalitateko presidenteak nabarmendu du, urte amaierako bere mezuan, garrantzitsua dela gobernuak egotea, halaber, akordiorako prest.
Agentziak | Erredakzioa
Generalitateko presidente Artur Masek esan du Katalunia eta Espainia osoari komeni zaizkiela "gobernu egonkorrak, elkarrizketaren aldekoak eta akordiorako prest daudenak", kasu bakoitzean bere zilegitasun demokratikoarekin, zehaztu duenez.
Urte amaierako bere mezu instituzionalean, berretsi du erabakitzeko eskubidearen alde dagoela, baina azpimarratu ere azpimarratu du politikariek "erabakitzeko beharra" dutela egoera zailetan; alegia, Kataluniako hauteskundeek eta hauteskunde orokorrek ekarri dituzten egoeretan.
Egoera horiek behartzen dute "elkarrekin hitz egitera, negoziatzera eta akordioak egitera; hau da, erabakitzera", oso bestelakoak diren "ideien, pertsonen eta alderdien artean, zaila bada ere".
Aritmetika zailak, hauteskunde orokorren ostean
Espainia osoaren gainean, Masek esan du aritmetika zaila dutela aurretik orain Kataluniako egoera politikoaz "burla eta iraina" egin dituztenek; hala ere, bere nahia da egonkortasuna egotea.
Kataluniari dagokionez, zehaztu du "denbora laburra eta aukera txikia" dagoela inbestidura-akordio batera heltzeko; izan ere, urtarrilaren 10ean iritsi behar da akordio hori. Legeak, gogoratu duenez, ez du uzten beste hauteskunde batzuk deitzen egun hori baino lehen, baina gero derrigorrezkoa izango da deitzea.
Erabakitzeko eskubideak "guztion beharra du"
Masek defendatu du Kataluniako erabakitzeko eskubideak "guztion beharra" duela, egiazkoa izateko eta inor ez geratzeko baztertuta: "Ez balego bezala egiteak edo gutxiesteak ez du inolako irtenbiderik ekarriko".
Hori dela eta, eskatu du 2016 erabakigarria izatea, Kataluniak azken urteotan izan duen "ibilbide apartaren helburuak erdiesteko", azken hilabeteen gainetik. Masen esanetan, 2015eko azken hilabeteak zalantzagarriak izan dira, egonezinez beterikoak eta desengainu batzuetakoak.