Politika -

Krisia NaBai-ren baitan

Nafarroa Bairen etorkizuna, ezbaian

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Txentxo Jimenezek onartu du NaBai-ren etorkizuna ez dagoela ziurtatuta. Uxue Barkosen ustez, "krisia" interes alderdikoien ondorio da.

G.P.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroa Bairen etorkizuna kolokan dago. Hori da behintzat koalizioko ordezkarien adierazpenetatik atera daitekeen ondorioa.

Radio Euskadi-ko Ganbara saioan bart egindako elkarrizketa batean, Txentxo Jimenezek onartu du koalizioaren etorkizuna ez dagoela ziurtatua.

"Nafarroa Bai koalizio anitza da, lau alderdik eta pertsona independente askok osatzen dute, eta ni ez nintzateke ausartuko etorkizuna bermatuta duela esaten", azpimarratu du.

Ezker abertzaleak NaBain parte hartzeko duen aukerari buruz, Nafarroako Aralarren koordinatzaile nagusiak adierazi du posible dela, baldin eta indarkeria argi arbuiatzen badute.

"Koalizioaren oinarri politikoak onartu behar dituzte, giza-eskubideak beste ezeren gainetik defendatu, bide politikoetatik jo eta edozein motatako indarkeria esplizituki arbuiatu", azaldu du.

Bestalde, Uxue Barkos Nafarroa Baik Kongresuan duen diputatuak uste du koalizioak bizi duen krisia "interes alderdikoiena eta elektoralisten" ondorio dela, "eta ez ezberdintasun ideologikoengatik".

Hala adierazi du Diario de Noticias de Navarra egunkariak gaur argitaratu duen gutun batean. Horrez gain, krisi honetaz Nafarroan aldaketa politikorik nahi ez duten alderdiek soilik aterako dituztela etekinak nabarmendu du.

Erreakzioak

Nafarroa Bairen "itxurazko krisia" mantentzeko adierazpenik ez dutela egingo esan du Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak. Bere hitzetan, koalizioa "indartzeko" lan egingo du alderdiak. "PSNn eta UPNn pozik daude itxurazko krisi honekin".

Bestalde, Joseba Egibar Legebiltzarreko EAJko bozeramailearen esanetan, bere alderdiak Nafarroa Bai-n egotera besterik ez du aurreikusten. Koalizioa "hobeto definitzeko prozesuan" murgilduta dagoela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea