Politika -
'Pertur'en desagerpena
Irungo komisario ohia ere galdekatuko du Andreu epaileak
Sabin Atxalandabaso ETAko buruzagi ohia eta Eduardo Lopez de Maturana komisario ohia ez ditu oraindik deitu Auzitegi Nazionalak, Poliziak haien bizilekuak aurkitu behar dituelako.
Erredakzioa
1976an ETA-pmren nazioarteko harremanen arduraduna zena eta Irungo (Gipuzkoa) polizia-komisario ohia galdekatuko ditu Fernando Andreu epaileak, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur talde politikoko buruzagi ohiaren desagerpena argitzeko.
Iturri juridikoek azaldu dutenez, Sabin Atxalandabaso Barandika ETAko buruzagi ohia eta Eduardo Lopez de Maturana Garcia komisario ohia ez ditu oraindik deitu Auzitegi Nazionalak, Poliziak horien bizilekuak aurkitu behar dituelako deialdia helarazteko.
Andreuk 2008ko azaroan zabaldu zuen ikerketa, Pertur-en senideek aurkeztutako kereila onartu ostean. Familia informatu eta gero hartu du erabakia epaileak eta Poliziari Miguel Angel Apalategi Apala ETAko kidea non dagoen galdetu ostean. Moreno Bergaretxe 1976ko uztailaren 23an ikusi zuten azkenekoz Apala-rekin.
Iturrien arabera, Apala non dagoen ezin izan diote esan segurtasun indarrek epaileari. Apalategi 90eko hamarkadan Kuban kokatu zutela esan diote. Bertara Nikaraguatik heldu zen ETAko beste kide batzuekin batera, Poliziaren arabera.
Desagerpena
Testigantza berri horien helburua 1973ko uztailaren 23an Pertur-i gertatutakoa argitzea da. Apala eta Francisco Mujica Garmendia Pakito-rekin batera auto batean ikusi zuten Pertur azkenekoz. Fiskaltzaren arabera, biek Pertur bahitu egin zuten Antonio Etxebeste Antxon-ek aginduta, ETAren batzar batean parte hartzea eragozteko.