Politika -
Venezuelara ihes egin nahian
ETAko ustezko kide bat atxilotu dute Lisboan
Andoni Zengotitabengoa aireportuan atzeman dute, Venezuelara hegazkin bat hartu nahi zuenean.
Erredakzioa
Portugaleko Poliziak Andoni Zengotitabengoa ETAko ustezko kidea atxilotu du Lisboako aireportuan, terrorismoaren iturriak aipatuta informazio agentziek jakinarazi dutenez.
Poliziak ETAk Obidos (Portugal) herrian zuen basea desegin eta gero ihes egin zuen bi pertsonetako bat dela uste dute ikertzaileek.
Atxilotu duten unean, Zengotitabengoak Mexikoko pasaporte faltsua zeraman, eta Venezuelara hegazkin bat hartzekotan zegoen.
Aipatu iturrien arabera, gaur atxilotutakoak eta Oier Gomezek ihes egin zuten otsailean Obidoseko etxetik. Bertan, Poliziak 1.500 kilo lehergai atzeman zituen.
Zigortu egin zuten kale-indarkeria egotzita
Zengotitabengoak ihes egin zuen 2003 urtean, Auzitegi Nazionalak 13 urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri baitzion, beste bi gazterekin batera, 2000 urtean Donostiako Aste Nagusian izan ziren kale-indarkeria ekintza batzuetan parte hartu izana egotzita.
Hiru gazteek lau hilabete eman zituzten espetxean behin-behinean, Ertzaintzak atxilotu zituenean hain zuzen ere, baina aske geratu ziren bermea ordaindu eta gero.
Beraz, epaiketara aske egonda joan ziren.