Politika -
Auzitegi Nazionala
Hauts susmagarria zuten hiru gutun bidali dituzte ANra
Garzonek ikerketa hasi du gertatutakoa argitzeko. Gutunetako bat Angel Juanes auzitegiko presidentearen eskuetara iritsi zen, eta segurtasun kontrolak pasatu zituenez, arduraduna kaleratu zuten.
Erredakzioa
Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak ikerketa abiarazteko izapideak bete ditu auzitegira bidali dituzten hauts susmagarria zuten hiru gutunen kasua argitzeko. Gutunek segurtasun kontrolak igaro zituzten eta horietako bat Angel Juanes auzitegiko presidentearen eskuetara iritsi zen, hori dela eta, segurtasun arduraduna kaleratu egin dute.
Hala baieztatu dute gaur iturri juridikoek, eta zehaztu dute beste bi gutunak Fernando Grande-Marlaskari eta Ismael Morenori zuzendutakoak zirela, eta Garzonek izapideak abian jarri dituela mehatxu terroristak izan ote diren jakiteko.
Kalterik egiten ez duen sustantzia
Gutunak iragan ostiralean bidali zituzten, igorlearen izenik ez zen agertzen eta segurtasun kontrolak pasa ostean, hartzaileen eskuetara iritsi ziren.
Hala ere, Angel Juanes izan omen zen gutuna ireki zuen bakarra. Bulego barruan ireki zuen eta barruan hautsa aurkitu zuen, eta Poliziari eman zion sustantzia zein zen iker zezan.
Frogak egin ostean, hautsak kalterik ez zuela egiten egiaztatu zuten.
Aipatu gertakariaren ondorioz, Auzitegi Nazionaleko segurtasun arduraduna kaleratu egin dute, izan ere, "ez zuten segurtasun protokolorik ezarri" hiru gutun susmagarri jaso eta gero.
Era berean, Auzitegi Nazionalera mehatxu gutunak iristea ohikoa dela azaldu dute iturriek.