Politika -
Frantzia
Boto-emaileek Sarkozy zigortu dute eskualde hauteskundeetan
Sozialistak nagusitu egin dira lehen itzulian, baina abstentzioa historikoa izan da. Iparraldean euskal departamentua sortzearen aldeko galdeketa sinbolikoa ere egin dute.
Erredakzioa
Frantziako sozialistak suspertu egin dira igande honetan Frantzian egindako eskualde hauteskundeetako lehen itzulian.
Boto-emaileek zigortu egin dute Nicolas Sarkozy presidentearen UMP alderdia, baina egunaren benetako protagonista abstentzioa izan da, %50ekoa baino handiagoa izan baita.
Azken inkesten arabera, Martine Aubryren Alderdi Sozialistak botoen %29,1 eskuratu ditu, eta UMP kontserbadoreak %27,3.
Berdeak hirugarren postuan daude (%13), eta Jean-Marie Le Pen-en muturreko eskuindarrak laugarren (%11).
Lehen datu ofizialak oraindik ez badira zabaldu ere, argi dago abstentzioak marka guztiak hautsiko dituela. Alderdi batzuek uste dute klase politikoaren porrotaren isla dela.
Hauteskunde hauetan, boto-emaileek hurrengo lau urteetan eskualdeak kudeatuko dituzte 1.880 kontseilariak hautatuko dituzte, 252 zerrendaren artean.
Zerrendek parekotasunaren ideia errespetatu behar dute (gizon eta emakume bana izan behar dituzte), eta gutxienez botoen %10 bereganatu behar dituzte hurrengo igandean bigarren itzulian izateko.
Dena dela, %5eko mugara heltzen direnek bat egin dezakete %10a gainditu duten alderdiekin.
Iparraldeko emaitzak
Sozialistak Iparraldean ere izan dira garaile. Hain zuzen ere, botoen %25 lortu dituzte Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin. Atzean UMP (%23), Forces Aquitanie (%16) eta Europe Ecologie (%11,85).
%10eko mugaren azpitik PNB (6.000tik gora boto) eta Euskal Herria Bai (4.000) daude.
Nabarmentzekoa da Abiadura Handiko Trenak zeharkatuko dituen herrietan ekologistek emaitza onak lortu dituztela.
Ipar Euskal Herrian parte-hartzea %50ekoa baino handiagoa izan da, baina Baionan, adibidez, %42koa baino ez.
Euskal departamenduaren aldeko galdeketa
Iparraldeko hautesleek beste hitzordu bat zuten hauteslekuetan, Batera plataformak antolatuta, euskal departamendua sortzearen aldeko herri-galdeketa sinbolikoa ere egin baitute.
Boto-emaileen %78k baietzaren alde egin dute, eta %19k ezetzaren alde.
Parte-hartzea %16,5ekoa izan da.