Politika -
Barne asanbladak
EH Bilduk ez du Felipe VI.aren bilera-sortan parte hartuko
Koalizio abertzaleak esan du militanteak ez direla "Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoaren sinbolo handienaren mendeko" sentitzen.
agentziak | erredakzioa
Marian Beitialarrangoitia eta Onintza Enbeita EH Bilduren diputatuek aurreratu dute ez dutela Felipe VI.a Espainiako erregearen inbestidurarako bilera-sortan parte hartuko.
Beitialarrangoitiak eta Einbeitak prentsaurrekoa eman dute Donostian barne asanbladetan militanteek hartu duten erabakiaren berri emateko. Felipe VI.ak gaur jarri du abian bilera-sorta, ostiralean amaituko da, eta ERCk ere ez du parte hartuko.
EH Bilduk azaldu duenez, militanteak ez dira "Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoaren sinbolo handienaren mendeko" sentitzen.
Marian Beitialarrangoitia EH Bilduren bozeramaileak monarkarekin egin behar zuen bilera bihar izan behar zen, Javier Esparza UPNko kidea eta Aitor Esteban EAJkoa ere Zarzuelan bertaratuko diren egun berean.
Hala eta guztiz ere, koalizio abertzaleko ordezkaria ez da joango, 'Jaikiz' dinamikaren baitan egin dituzten barne asanbladetan hala erabaki dutelako.
Talde parlamentario ERCrekin eta IUrekin batera
Bestalde, EH Bilduk, IUk eta ERCk talde parlamentario bateratua osatzeko eskaera erroldatu dute gaur Kongresuan.
Besteak beste, hauteskunde propaganda bidaltzeko diru-laguntzak jasotzeko eskubidea lortuko dute horrela hiru alderdiek.
IUtik azaldu dutenez, talde parlamentarioa "teknikoa" izango da, eta "ez politikoa". Horregatik, hiru alderdiek askatasuna izango dute bakoitzak nahi duena bozkatzeko.
Taldearen bozeramailea Joan Tarda (ERC) izango da, eta bozeramaileordea, aldiz, Gabriel Rufian, alderdi berekoa.