Politika -

Tolosan

Konfiantzazko medikurik gabe egin diote autopsia Jon Anzari

Senideak eta lagunak ospitale parean bildu dira protesta egiteko, eta Poliziak negar gasarekin sakabanatu ditu autopsia galarazten saiatu direnak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jon Anza ETAko kide ohiari konfiantzazko medikurik eta abokaturik gabe egin diote autopsia Tolosako (Okzitania, Frantzia) Purpan ospitalean, nahiz eta familiak kontrakoa eskatu. Anne Kayanakis ikerketa zuzentzen ari den fiskalak ukatu egin du Anzari gaur egin dioten autopsian konfiantzako mediku batek eta abokatuak parte hartzea.

Horren harira, ospitale parean bildu diren Anzaren senide eta lagunak protesta egiten ari ziren eta autopsia galarazten saiatu dira, baina Frantziako Poliziak sakabanatu egin ditu negar gasarekin.

Gaur, 07:30etatik aurrera, Jon Anza ETAko kide ohiari autopsia egin diote eta bi ordura amaitu dutela zabaldu dute senideek.

Frantziako agintariek ukatu egin zioten desagertutako ETAko kidearen familiari gorpua identifikatzea eta baztertu egin dute, era berean, gaur egin dioten autopsian Anzaren familiako konfiantzako mediku batek parte hartzea.

Orain, familiak bigarren autopsia bat egiteko eskatuko dio Frantziari, gorpua Tolosako gorputegitik atera baino lehen. Goizean egin dioten autopsiaren emaitzak noiz ezagutuko diren ez dakite.

07:30etan, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eta Anzaren familiak Tolosara joateko deia egin zieten herritarrei presioa egiteko asmoz, eta mediku azterketan konfiantzako mediku bat sartu ahal izateko, baina ez dute lortu. Frantziako Poliziak negar gasa eta txakurrak erabili ditu autopsia geldiarazten saiatu direnak sakabanatzeko.

Dozenaka manifestarik Jon Anzaren heriotzari buruzko "egia" eskatu dute.

Iragan astean, Poliziak ukatu egin zion familiari Anzaren gorpua identifikatzea, baina ospitaleko atarian protesta egin ondoren, senideetako bati sartzen utzi zioten. Gaur, konfiantzako medikurik onartu ez izanaren kontra, ehun inguru pertsona bildu dira ospitaleko atarian eta autopsia geldiarazten saiatu direnean, Poliziak indarrarekin erantzun du eta negar gasarekin eta txakurrekin sakabanatu ditu bertan zeudenak.

Senideetako batek jakinarazi duenez, protesta egiten jarraituko dute ospitaleko atarian, Anzaren gorpuarekin zer gertatuko den argitu arte.

Armak aurkitu dituzte hotel batean

El Mundo egunkariak gaur argitaratu duenez, zenbait guardia zibilek korrika eta presaka alde egin zuten Tolosako hotel batetik ETAk eta Jon Antzaren familiak desagerpenaren berri eman zuten egun berean. Guardia Zibilek hainbat pistola ahaztuta utzi omen zituzten hoteleko gelan.

Egunkari espainiarraren arabera, iazko maiatzaren 18an gertatu zen hori Tolosako Adaguio hotelean. Guardia zibilek korrika eta presaka alde egin zuten, eta gela garbitu behar zuten langileek aurkitu zituzten haien bi pistolak koltxoiaren azpian.

Herrizaingo Sailak atzo manifestazioaren datuak bidaliko ditu ANra

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak gaur iragarri duenez, Auzitegi Nazionalera igorriko dute atzo Joan Anzaren heriotza salatzeko Donostian egin zen manifestazioari buruzko txostena, deliturik izan ote zen argitzeko.

Bilbon emandako prentsaurrekoan, Ertzaintzaren buruzagiak esan du manifestazioan, dokumentu bat irakurri zutenean batez ere, oihu eta adierazpen "larriak" egin zituztela eta "baliteke delitua egotea horietan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea