Politika -
Falange y Tradicionen biktimak
Faxistak eta abertzaleak "ezberdin" tratatzen dituztela salatu dute
Auzitegi Nazionala "euskal herritarrak jazartzeko epaitegi berezi" bat dela azpimarratu du Maria Santos Santa Quiteria Falange y Tradicion taldearen biktimak.
Erredakzioa
Justiziak "neurtzeko bi modu" dituela salatu dute Falange y Tradicion taldeak egindako indarkeria ekintzen biktimek gaur. Konkretuki, Auzitegi Nazionalak faxistak eta abertzaleak "ezberdin" tratatzen dituela kritikatu dute biktimen ordezkariek.
Iruñeko epaitegiko arduradunak eskuin muturreko bost atxilotuak Auzitegi Nazionalak epaitu behar zituela erabakitzea "logikotzat" jo du Javier Balda (ANV) Arbizuko alkateordeak, eskumena Auzitegiak duelako. Bostak Memoria Historikoaren aurkako edo ezker abertzalearen kontrako mehatxu eta erasoengatik atxilotu zituzten.
Hala ere, Auzitegi Nazionalak ez du magistratuaren iritzi bera eta gaia Auzitegi Gorenaren eskuetan utzi nahi du. "Indarkeria ekintza anitzak dira, eskuin muturreko talde antolatu, egonkor, armatu eta hierarkizatu batek eginak", azaldu zuen Iruñeko magistratuak sumarioan.
"Euskal herritarrak jazartzea"
Auzia Auzitegi Nazionalean hasi zen, baina behin-behineko artxibatzea erabaki zuten. Horregatik, Auzitegi Nazionala "euskal herritarrak jazartzeko epaitegi berezi" bat dela azpimarratu du Maria Santos Santa Quiteria Falange y Tradicion taldearen beste biktima batek.
Gazte abertzaleentzat "kutxazainei eraso egiteagatik 33 urte bitarteko zigorrak eskatzen dituzte, baina Falange y Tradicion taldeko kideak ez dituzte epaitu ere egin nahi", salatu du prentsaurrekoan.