Politika -
Tiroketa Parisetik gertu
ETAk Frantziako polizia bat hil du lehen aldiz
- Frantziako Polizia "7 eta 8" pertsona artean bilatzen ari da.
- Ustezko erasotzaileetako bat, Joseba Fernandez Aspurz, atxilotu egin dute.
- Hildako agentea 52 urtekoa zen eta lau seme-alaba zituen.
Erredakzioa
Berrogeita hamabi urteko Frantziako poliziaburu bat hil egin da bart Paristik gertu, ETAko hainbat kiderekin izandako tiroketa batean, terrorismoaren aurkako borrokaren iturriek informatu dutenez.
Aipatu iturrien arabera, erasotzaileetako bat atxilotu egin dute, baina beste zazpik edo zortzik (tartean emakume bat) ihes egin dute.
Atxilotutakoa Joseba Fernandez Aspurz litzateke, baina oraindik ez dago argi tiroen egilea den. Hildako agentea Jean-Serge Nerin da. 52 urtekoa zen eta lau seme-alaba zituen.
Tiroketa Parisko mendebaldean jazo da, 20.000 biztanle inguru dituen Dammarie-les-Lys herrian.
Polizia Judizialaren iturriek zehaztu dutenez, tiroketa 19:15ean izan da, baina hedabideek ez dute horren berri izan gaua arte.
Ordu horretan, poliziak abiadura handian zihoan auto batera hurbildu dira, barruan zeudenak identifikatzeko asmoz, baina une horretan beste auto bat gerturatu zaie eta barruan zeuden pertsonetako batek tiro egin die.
Hildako agenteak balen aurkako txalekoa zeraman, baina bala bat besapetik sartu zaio, eta oso larri zauritu du. Azkenean hil egin da, handik eta ordubetera.
Aldez aurretik, ETAko kideek lapurreta egin zuten ibilgailu kontzesionario batean, Parisko mendebaldean, Seine et Marne departamenduan.
Erasoan, ETAko kideek langile bat atxiki dute, eta une honetan ospitalean dago.
Atxilotutakoa ihes eginda zegoen
Joseba Fernandez Aspurz, bart atxilotutako ETAko ustezko kidea, Espainiako Justiziatik ihes eginda zegoen eta Nafarroan egindako kale-indarkeria ekintzekin lotzen dute.
Halaber, 2009ko martxoaren 9an bi foruzaingori lehergailuekin eraso egitea ere leporatzen diote.
Aresek hilketa gaitzesteko exijitu dio ezker abertzaleari
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak gaitzetsi egin du hilketa, eta berdin egiteko exijitu dio "ezker abertzale erradikalari", politikaren aldeko apustua "sinesgarria" izan dadin.
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, ezker abertzaleari eskakizun bera egiten diezaioten eskatu die, gainera, euskal alderdi ei.
ETAk Frantziako Polizia bat hil du aurrenekoz
Informazio guztiak baieztatzen baldin badira, ETAko kideek Frantziako Poliziarekin 1996tik izan duten bosgarren liskar armatua izango litzateke gaurkoa, baina Frantziako polizia bat hil duten lehen aldia.
Azken tiroketa iaz, ekainaren 8an, izan zen Saint-Enimien, Frantziako hego-ekialdean. Bertan polizia bat zauritu zen ETAko bi ustezko kiderekin izandako tiroketa batean. ETAko ustezko kideek bi auto lapurtu zituzten aurretik.