Politika -

ETAren hilketa Frantzian

Alderdi politikoek aho batez gaitzetsi dute jendarmearen hilketa

Euskal alderdi politikoek errefusatu egin dute ustez ETAk Paris kanpoaldean bart egin duen atentatua eta elkartasuna adierazi diete Frantziako segurtasun indarrei.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ustez ETAk bart Paris kanpoaldean jendarme bat hil ostean, gaitzespen mezuak ugariak izan dira.

Hala, Josu Erkoreka EAJren Kongresuko bozeramaileak gaur goizean "gaitzespena" agertu du jendarmea hil duen erakundeak, ustez ETAk, "badirudielako ez duela zerumugarik".

Kongresuan bertan egindako adierazpenetan jeltzaleen bozeramaileak azpimarratu duenez, "zerumugarik ez duen erakunde terrorista baten presentziak emaitza dramatikoak ditu", kasu honetan, polizia frantziar baten "heriotza".

Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak "gogor" gaitzetsi du polizia frantziarraren hilketa, eta Frantziako Gobernuak eta Poliziak "ETAri hiltzeko gaitasuna murrizteko" egin duten "esfortzua" goraipatu du.

Legebiltzarrean emandako prentsaurrekoan, Pastorrek besarkada bat bidali die jendarmearen senideei "zeren gutako bat da, ETAren beste 800 biktima bezala".

Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak esan du hildako polizia "gutako bat" dela, "terrorismoaren biktima guztiak bezala"; eta ETAren "asmo fanatiko eta faxistak" deusezteko lanean jarraitzeko borondatea berretsi du.

Aralarrek bat egin du jendarmearen hilketaren gaitzespenarekin eta indarkeria alde batera uzteko eskatu dio ETAri.

Agiri batean, alderdi abertzaleak elkartasuna adierazi die jendarmeen senideei eta lagunei eta giza eskubideen urraketa guztiak "errefusagarriak" direla azpimarratu du.

Eusko Alkartasunak ere errefusatu egin du Paris kanpoaldean ustez ETAk egin duen atentatua eta, normalizazio politikoaren eta bakearen alde lan egiten jarraitzeko borondatea agertu ondoren, mugimendu independentista bat soilik bide baketsu eta politikoak erabiliz sor daitekeela ziurtatu du.

Mikel Arana EBren Legebiltzarreko ordezkariak, bere aldetik, oharra igorri dio ezker abertzaleari: ETAri ez badio armak uzteko eskatzen, "ezerezean" geratuko direla bide baketsuen alde egin duen deia.

Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak bere alderdiaren izenean adierazi duenez, "elkartasuna adierazi nahi diot hildako jendarmearen sendiari, gizarte frantsesari, Frantziari, Espainiari terrorismoaren kontrako borrokan laguntza eman dioten politikari frantziar guztiei eta egun lankidetza hori posible egiten dutenei".

Nafarroatik, UPNk ere gaitzetsi egin du atentatua eta "hiltzen, mehatxatzen eta estortsio egiten dutenen patu bakarra kartzela dela" esan du.

Era berean, elkartasuna eta babesa helarazi die agentearen familiari eta Frantziako Gobernuari eta Poliziari "terrorismoaren kontra erakutsi duten ardura eta babesagatik".

Horren harira, Nafarroa Baik indarkeria betiko baztertzeko deia egin dio ETAri.

Koalizioak ideia abertzaleak "bide baketsuetatik soilik" babesteko "konpromisoa” berretsi du, eta "bakerako eta elkarbizitzarako bidea elkarrizketa" dela goraipatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea