Politika -
Ustezko ustelkeria Araban
Alfredo de Miguel diputatuak dimisioa aurkeztu du
Zabaldutako hainbat informazioren arabera, fiskalak susmoa du Miñaoko Teknologia Parkean lur sailak salerostean auzipetuek legez kanpoko komisioak jaso ote zituzten.
Erredakzioa
Arabako Administrazio Lokaleko diputatu eta Vital Kutxako presidenteorde gisa dimisioa aurkeztu du gaur Alfredo de Miguelek.
Gaueko lehen orduetan Xabier Agirre (EAJ) diputatu nagusiak De Miguelen dimisio gutuna jaso du, Arabako Foru Aldundiko iturriek jakinarazi dutenez.
Gregorio Rojo Vital Kutxako presidentearen zein foru erakundearen aurrean dimisioa aurkeztu duela azaltzen du diputatuak gutunean, bera Aldundiari, finantza-entitateari, EAJri edo Xabier Agirreren taldeari min egiteko erabiltzea "ekiditeko".
Sumario-sekretua dela-eta egozteak ez ditu ezagutzen, baina De Miguelek inputatzen zaizkion "karguak gezurra" direla adierazi du.
Atxiloketa
De Miguel atzo atxilotu zuten, EAJko beste zazpi kiderekin batera, ustez ustelkeria kasu batean kasu batekin daude lotuta. Epaitegian deklaratu ostean, aske utzi zituzten guztiak, baina karguekin. Auzia sekretupean dago eta ez dute argitu zer den zehazki leporatzen dietena.
Zabaldutako hainbat informazioren arabera, fiskalak susmoa du Miñaoko Teknologia Parkean lur sailak salerostean auzipetuek legez kanpoko komisioak jaso ote zituzten.
EITBk jakin ahal izan duenez, fiskalak 8 auzipetuen kontrako salaketa orokorra egin du, saldukeria, karguaz baliatzea eta dirua zuritzea leporatuta.
Xabier Agirre ahaldun nagusiak Alfredo de Migulekin hitz egin du goizean telefonoz eta kargua utzi behar duela esan dio. De Miguel bat etorri da Agirrerekin eta horrela egingo duela jakinarazi dio.
Gauzak horrela, datozen orduetan gauzatuko da dimisioa. Vital kutxa duen presidenteorde kargua ere utziko duela adierazi dute, diputatuaren inguruko iturriek.
Hain zuzen ere, Vital Kutxaren Batzorde Exekutiboak iragarri duenez, Alfredo de Miguelen (Vital Kutxako presidenteordea) aurkako neurriak hartuko dituzte, baina horretarako egozten dizkioten karguak zeintzuk diren "zehatz mehatz" ezagutu arte itxarongo dute.
EAk Arabako Gobernua utz lezake
Fernando Velasco Arabako Eusko Alkartasunako koordinatzaileak akusazio partikularra izateko eskatu dio Diputazioari, Alfredo de Miguel ahalduna ustelkeria kasu batean nahasita dagoela baieztatzen bada.
Horrez gain, EAJk afera honen inguruan emango dituen azalpenak "behar bezalakoak" ez badira, Arabako Foru Gobernuan EAJren bazkide izateari uztea aztertuko du EAk.
Javier de Andres Arabako PPren idazkari nagusiaren iritzian, "EAJk erantzukizun handia dauka gertatutakoan". Era berean, PSEk eta EAJk Araban duten hitzarmena lurralde horretan "porrot instituzionala" eragiten ari dela kritikatu du.
Bestalde, Arabako Ezker Batuak "errespetua" eskatu du prozesu judizialaren aurrean eta deliturik izan dela frogatzen bada "erantzukizun politikoak" hartzea exijitu du.