Politika -
Erreakzioak
EAEko alderdi politikoek errefusatu egin dute ETAren agiria
PSEtik itxaroten duten agiri bakarra ETA "behin betiko desegin dela iragartzen duena da". PPren ustez, "argi dago Batasuna ETAren parte izaten jarraitzen duela".
Erredakzioa
PSE-EE
Iñaki Arriola Gipuzkoako PSEko idazkari nagusia eta Etxebizitza, Garraio eta Obra Publikoen sailburuak adierazi duenez, ETAren komunkatuak "ez du ezer berririk ematen".
Arriolaren arabera, demokratek entzun nahi duten berri bakarra ETA "behin betiko amaitu egin dela eta erditik kenduko dela" dioena da.
PP
Leopoldo Barreda EAEko PPko bozeramaleak "benetako komunikatua duela egun batzuk idatzi" zuela adierazi du, "Paris inguruan egin zuen hilketarekin", eta azkeneko agiria "hitzontzikeria hutsa" dela dio.
"Batasuna nabarmen geratu" dela gehitu du ere Barredak, eta "argi geratu da ETAren parte izaten jarraitzen dutela, ETAren esanak obedituz".
Aralar
Aralar komunikatuaren kontra agertu da, eta euskal herritarren borondatea errespetatu nahi badute, "indarkeriaren erabileraren etenarekin hasi behar da".
Patxi Zabaleta buru gisa duen alderdiak "Euskal Herriaren askatasunarentzat, demokraziarentzat eta bakearentzat oztopoa den" erakunde batekin "elkarlan politikoa egitea ezinezkoa" dela adierazi du ere.
EB
Mikel Arana Ezker Batuako koordinatzaile nagusiaren ustez, azkeneko komunikatuak argi utzi du ETAren "barnean dagoen zatiketa" bide politikoa jarraitu nahi dutenen eta indarkeria mantentzea nahi dutenen artean.
Aranaren ustez, komunikatua "aurrerapausoa izan daiteke ezker abertzalearentzat, baina ez da nahikoa euskal gizartearentzat, indarkeriaren premiazko gaitzespena eskatzen baitu".
UPyD
Gorka Maneiro UPyD parlamentarioak ETAren komunikatua "hitz hutsak" direla adierazi du eta polizia frantziarraren hilketaren ostean "argi geratu zen haien bide bakarra tiroak, bonbak eta estorsioa" direla.
"inork ez die sinesten, haien komunikatuak gezur hutsa dira eta geroz eta baztertuago daude", gehitu du.
Hamaikabat
Hamaikabatek adierazi duenez, komunikatua "bustitako papera" da eta "ez du ezer berririk, iragan astearte gauean gertatu zena ezin baita ezkutatu".
Alderdiak "erabiltzen duen hizkuntza bikoitza" argitzea eskatu dio ETAri eta euskal gizarteak "aintzat hartuko duen komunikatu bakarra armak uzten dituztela dioena izango" dela adierazi du.