Politika -
Ustezko iruzurra Araban
Arabako EAJren zuzendaritza uztea eskatu du Aitor Telleriak
Bestalde, EAJren zuzendaritza gaur arratsaldean bilduko da Arabako balizko ustelkeria kasua eta horren ondorioak aztertzeko. Eusko Alkartasunaren zuzendaritzak ere gauza bera egingo du.
Erredakzioa
Aitor Telleriak dimisioa aurkeztu du EAJren Araba Buru Batzarreko (ABB) kide bezala. Telleria joan den astean atxilotu zuten, beste zazpi lagunekin batera, ustelkeria kasu batean nahasita. Telleria EAJren zinegotzia ere izan da Gasteizko Udalean.
Bestalde, Jose Ignacio Martinez Herri Kontuen Euskal Epaitegiko presidenteak Alfonso Arriola kargutik kentzea erabaki du gaur. Orain arte, Epaitegiko aholkularia izan da Arriola.
EAJren iturriak aipatuta Efek zabaldu duenez, Arabako zuzendaritza uztea eskatuz gutuna igorri dio Iñaki Gerenabarrena ABBko presidenteari eta ziurrenik Arabako EAJk bihar egingo duen bileran onartuko dute Telleriaren dimisioa.
Joan den astean EAJri lotutako zortzi pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak Gasteizen, eroskeria eta diru-zuritzea leporatuta. Atxilotuen artean Alfredo de Miguel EAJren Arabako foru diputatu ohia (atxiloketaren ondotik dimisioa aurkeztu zuen) zegoen. Arabako EAJk bilera egingo du kasu honen ondorioak aztertzeko.
Atxilotuak karguekin aske utzi zituzten asteazkenean bertan. Oraindik ez dute argitu egozten dizkieten delituak zeintzuk diren, izan ere, sumarioa sekretupean dago.
EAJk eta EAk bilera bana egingo dute
Gauzak horrela, EAJren Euzkadi Buru Batzarrak astelehenero egin ohi duen bileran, Arabako ustelkeria kasua izango du mintzagai nagusietako bat, izan ere, polizia-operazio horrek Arabako Gobernua (EAJk EAren babesarekin agintzen du bertan) kolokan jar lezake.
Eusko Alkartasunak ere bilera egingo du gaur Gasteizen eta, besteak beste, Arabako Gobernuan jarraitu ala ez aztertuko du. Peio Urizarrek zuzentzen duen alderdiak joan den astean ohartarazi zuen ez duela baztertzen Arabako Diputazioa uztea, baldin eta EAJk ematen dituen azalpenak behar bezalakoak ez badira.
Ildo horretan, EAk Arabako EAJrekin biltzea eskatu zuen eta litekeena da batzar hori aste honetan bertan egitea.