Politika -
Ustezko ustelkeria
Palmako Auzitegian gaur ekingo diote berriro Noos auziaren epaiketari
Lehenengo Jose Luis Pepote Ballester Balear Uharteetako Kirol zuzendari nagusi ohia galdekatuko dute astearte honetan. Ballesterrek ikerketari lagundu zion.
Agentziak | Erredakzioa
Cristina infanta, haren senarra Iñaki Urdangarin eta beste 16 pertsona akusaturik dauden Noos auziaren epaiketari berriz ekingo diote astearte honetan, Balear Uharteetako Administrazio Publikoko Eskolan. Auzipetuak epaimahaiaren aurrean deklaratzen hasiko dira.
Ahozko saioa urtarrilaren 11n hasi zen. Auzia artxibatzeko defentsen eskaerak atzera bota zituen epaimahaiak. Ondorioz, 18 akusatuak berriro eseriko dira erruztatuen aulkian, aste honetan.
Manos Limpiasek Miguel Tejeiro Nooseko idazkari ohiaren aurkako akusazioa bertan behera uztea eskatu zuen ostegunean. Epaileek erabaki beharko dute. Hala, baliteke akusatuak 17 izatera pasatzea.
Jose Luis Pepote Ballester
Lehenengo Jose Luis Pepote Ballester Balear Uharteetako Kirol zuzendari nagusi ohia (2003-2007) galdekatuko dute astearte honetan. Ballesterrek ikerketari lagundu zion, eta gertakarietan parte hartu izana aitortu zuen, Fiskaltzaren idatziak jasotzen duenez.
Ballesterren deklarazioak irauten duen denboraren arabera, auzipetu gehiagok deklaratuko dute asteartean edo hurrengo egunean jarraituko dute, akusatu guztiak galdekatu arte. Deklarazioak bukatzeko, 12 egun beharko dituztela aurreikusi dute; asteartetik ostiralera, otsailaren 26ra arte.
Pepote Ballesterren ostean, Gonzalo Bernal Illesport Fundazioaren zuzendari ohiak, Juan Carlos Alia Balear Uharteetako Turismo (Ibatur) Institutuko zuzendari ohiak, Miguel Angel Bonet entitate horretako idazkari ohiak eta Jaume Matas Balear Uharteetako presidente ohiak deklaratuko dute, Fiskaltzak proposatutako ordenaren arabera. Balear Uharteetako Gobernuak Noos Institutuarekin zuen harremana azaldu beharko dute guztiek; izan ere, Exekutiboak 2,5 milioi euro ordaindu zizkion Noosi.
Balizko ituna
Presidente ohiaren eta hiru goi-kargudun ohien abokatuak Ustelkeriaren aurkako fiskalarekin bildu ziren ostiralean, Palman. Epaiketak jarraitu baino lehen, litekeena da balizko akordio bat bilatzeko egin izana bilera.
Ondoren, Marco Antonio Tejeiro Nooseko kontulari ohia eta Valentziako zein Madrilgo sareko akusatuak galdekatuko dituzte, bi auzipetu nagusiek (Diego Torres eta Urdangarin) deklaratu baino lehen.
Miguel Tejeiro Nooseko idazkari ohia (aulkian jarraitzen badu), Alfonso Grau Valentziako alkateorde ohia, Salvador Trinxet zerga aholkularia eta Cristina infanta izango dira azkenak deklaratzen.
Lekukoek eta adituek deklaratuko dute jarraian. Nahi izanez gero, akusatuek epaiketaren saio horietan ez parte hartzeko aukera dute. Era berean, frogak, ondorioak eta azken txostenak aurkeztuko dituzte jardunaldi horietan. Azken saioan, ordea, bertan izan beharko dira guztiak.