Politika -
Parisen
Zapatero poliziaren hiletara joango da Sarkozyrekin bildu aurretik
ETAk joan den astean hildako jendarmearen hileta eguerdian egingo dute. Ondoren, Zapatero eta Sarkozy bildu egingo dira, ETAren aurkako borroka hizpide.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearekin bazkalduko du gaur, ETAren kontrako borroka hizpide. Horren aurretik, Zapatero ETAk iragan astean hil zuen Jean Serge Nerin jendarmearen hiletara joango da, 12:00etan.
Hileta eguerdian izango da Melunen, Paris hego-ekialdean. Zapatero Parisera joango da hegazkinez eta handik Melunera joango da Sarkozyrekin. Zapateroz gain, Michele Alliot Marie Frantziako Justizia ministroa, eta Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroa eta Brice Hortefeux Frantziakoa bertaratuko dira. EAEko ordezkarien artean, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua eta Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidentea joango dira.
Hiletaren ondoren, Zapatero eta Sarkozy Eliseo Jauregira joango dira eta lan-bazkaria egingo dute Espainiako eta Frantziako poliziek ETAren kontra egiten duten elkarlana aztertzeko.